Vieille-Saint Girons, lauburuen saindutegia

Joseba Aurkenerena

Argitaratua: 2011-11-28 12:15:26

Asko idatzi da esbastikaz, haren jatorriaz, haren itxuraz, haren zabalkundeaz… eta baita euskaldunok darabilgun lau besotako esbastika borobilduaz ere. Hainbat ikerlariren ustetan, esbastika –gure lauburua barne– zelta da eta antzinatean beraiek ekarri omen zuten Europara. Aunitzek horrela defendatzen dute. Haatik, esbastikaren erabilera mundu osora zabalduta dagoela ikus dezakegu, baita Ameriketako eta Ozeaniako herri zaharren artean ere, eta horrek kinka larrian ezartzen du esbastikaren erabiltzaile eta zabaltzaile bakarrak zeltak izan zirela aldarrikatzen duen teoria.

Badirudi biziki ikur zaharra dela, egun badakigu indoeuroparrek zerabiltela, baina ez dakigu Europako zaharrek, hau da, Europan indoeuroparrak iritsi aurretik bizi ziren herriek, erabiltzen zutenetz. Gauza jakina da Europako herri aurre-indoeuropar zahar horien artean, protoeuskaldunak zeudela. Esbastika ezagutzen al zuten? Baliteke. Dena den, gaur egun oraindik ezin dugu horrelakorik zehaztu. Gauza da, gaur eguneko ikerlarien artean, batzuek kultura zelta hartzen dutela Europako antzinatea neurtzeko tresna ia bakartzat, beste batzuek latina hartzen duten bezalaxe.

Egia da bi kultura horien ekarpenak garrantzitsuak direla, inork ezin du horrelakorik ukatu, baina, ene ustetan, ez bakarrak. Gaurko zientzia berriei esker, genetika beraien artean, gero eta gehiago ari gara Goi Paleolitoan Europa populatu zuen zibilizazio protoeuskalduna ezagutzen eta aintzat hartzen. Eta oraino hastapenetan gaude.

Ezagutza berri honek hipotesi eta teoria berriak plazaratzeko aukera ematen digu. Gauza bera gertatzen zaigu esbastikarekin. Dena adieraz al daiteke zelten teoriaz? Ezezkoan nago. Nafarroa Garaiko monasterio zaharretan azaltzen diren lauburuak ere, UPN-k jarritako gida doktrinatuen arabera, zelten eraginpekoak omen dira. Astakeria handiagorik! Edozein gauza Nafarroako Erresumaren jatorri eta izate baskoia onartu baino lehen.


Jakin badakigu, gaurko Euskal Herritik kanpo, lauburu asko topa ditzakegula. Batzuek diotenez herri baskoide baten aztarna izan daitezke. Baina orain azalduko dizuedana askoz berriagoa delakoan nago, zalantzarik gabe. Jexux Aizpurua Barandiaran ataundarrak eman zigun horren berri Gipuzkoako Diario de Noticias egunkarirako egin zuen erreportaje adierazgarri batean, eta ni, gipuzkoarrak emandako bideari jarraiki, bertara joan nintzen. Horrela ezagutu nuen merezimendu osoz Lauburuen Saindutegia deitzen ahal duguna.

Jexux Aizpuruak aipaturiko erreportajean azaldu zuenez, Landetan omen zebilen ikerlanean, eta kasualitateak Leon aintziraren alboan den Vielle-Saint Girons herrixkara eraman zuen. Hamahiru kilometroko herri ederra, 1200 biztanle dituena. Herriko plazan den elizara sartu, eta ustekabean, Europan –eta ziur aski mundu osoan ere—metro koadroko lauburu gehien duen tokiarekin topo egin zuen.

Elizak bi sarrera ditu eta bi sarrera horietatik aldareraino, bi igarobide modukoak eginez, lauburuz beteriko zorua dago. Aldareko zoru osoa ere lauburuz gainezkaturik dago. Jexux Aizpuruak bere artikuluan erraten duenez, Vielle-Saint Girons-ekoa omen da munduan dagoen lauburu-sail handiena.


Ez dut uste lauburu horien jatorria ezagutzeko denboran oso urrunera jo behar dugunik. Ene ustez, ez genuke zelten edota protoeuskaldunen artean bilatu beharko, elizako zorua egiteko agindu zuen errotorearengana, edota, bestela, zorua egin zuen artisauarengana jo beharko genukeelakoan nago. Horietako bat euskalduna zela erranen nuke nik. Modu batean edo bestean, gauza da Landetako herrixka eder honetan euskaldunok badugula zer miretsi.


Komentarioak

icon

Aines Petrirena

2011-11-28

Biziki polita artikuluaren hondarrean euskal apezez egiten duzun aipamena. Euskal apezak maite ditugu,bai;
baina ez apez direlakoz, euskaldun sutsuak direlakoz baino.

icon

Xabi Pagoaga

2011-11-28

Biziki interesgarria, baina, egiazki, zer da lauburua?

icon

allande etxart

2011-11-29

Biba hi Joseba!
Uste nian edergailuetan baizik zirela lauburuak aurkitzen eta lehen aldia da eliza baten barnean agertzen direla. Galdera hona: apezaren manuz, diru gehien eman zuenaren manuz?

icon

Edurne Etxeberri

2011-11-29

Allande Etxartek arrazoina du. Nork manatu zuen lauburuak ezartzen, apezak ala sosak eman zituenak?
Manera batez edo bertzeaz, biziki istorio polita da hau.

Komentarioa idatzi