Arrosa eta urdin itsaso artean hedabideen jokabideari begirada bat

Maite Ubiria

Argitaratua: 2011-03-21 11:43:32

Arrosa eta urdin itsasoa buruz-buru 200 tokitan bigarren itzulian. Estatu frantziarra kolorez aldatzeko zorian ? Zuhurtziaz irakurri behar dira lehen itzuliak Hexagonoan utzitako behin-behineko mapa. Alderdi Sozialistak 2004ko garaipena egonkortzero lehen urratsa garrantzitsua eman du. Horretan zalantza gutti dago. UMPk, berriz, behera egin du, baina heldu den igandean, bigarren itzulia ete gero, galera horrek ez du sekulako aldaketa ekarriko kontseilu nagusietara.

Ezin da mespretxatu Front Nationalak egin duen emaitza. 2004an, %12,5 egin zuen Jean-Marie Le Pen-ekin. 2011an, Marine Le Pen-ek estreinaldia azkarra ukan du. %16ra hurbildu da. Lehen ondorioa: abstenzioak alderdi tradizionalei kalte handiagoa egin die sistema sarkozystari zaplastekoa emateko irrikan zen eskuin-muturrari baino. Horretan ere sorpresa gutti. FNko boto-emaleen motibazioa handia zen.

Aldiz, ezkerreko boto-emaleek desertatu al dute ? Ez eskuinekoak edo zentrokoak baino gehiago. Beste kondua da PStik ezkerreruntz kokatzen diren alderdien emaitzek askoz zailtasun gehiago dutela bisibilitatea lortzeko. 37 departamenduetan, ezkerreko hautagaiek "No pasarán!" konsigna egiaztatzeko ardura dute, aurrez-aurre eskuin-muturreko hautagaiak izanen dituztelako heldu den igandean. Front de Gauchek bozen %9a egin du eta Europe Ecologie- Les Verts alderdiak %8,28. Bozka aurrekoia bada, gorriak eta berdeak badira. Nahiz eta urdin itsasoak kezka handia eragiten duen, ez genuke hori ahantzi behar.

UMP ahuldu da. Lehen itzulian, ezkutaezina da porrota: Sarkozyren hautagaiek %17,07a egin dute, Aubryren hautatagiek %25,04a egin dutenean. Xifrak hor dira. Izan ere, bigarren itzuliari begira bozka mobilizatzeko deia egin du eskuinak. Zentro-eskuineko hamaika tenore oilategi berean sartu ezgero... kalteak tipitzeko aukera handia du sarkozysmoak.

Eta guzti honek nori axola ?

Kezkagarria da oso hauteskunde hauen sona apaltzeko Frantziako hedabide handiek egin duten parioa. Horretan ere Euskal Herriko hedabideek diferentzia markatu dute. "Le Journal du Pays Basque"k edizio jarraian jardun du hauteskunde gaualdian, France Bleuk emanaldi berezia egin du, Eitb.com-ek frantses atalean egin bezala... Euskarazko hedabideek eginiko lana nahi nuke goraipatu bereziki. Euskal Irratiak-ek emaitza eta analisiak zuzenean eman dituzte, eta webgunerat ziztu bizian eraman dituzte! KAZETA. INFOk informazioa zuzenean eman du. "Info7" irratia, "Berria"... hedabide nazionalek Ipar Euskal Herriari begiratu diote, sakontasunean gainera, igande gauean. EiTB taldea gehienbat euskaraz mintzatu da Iparraldeko bozetaz. Diskriminazio positiboa edo...

Zergatik frantziar hedabideek ez dute neurria eman ? Ulertzekoa da Sarkozyk baliatu duen estrategia: frantziar presidenteak bonbak jaurti ditu, etxeko bozkak ke artean utzita. Zendako segitu dute berak markatutako bidea hedabideek ? Soldaduen aginduetara al dira herritarren zerbitzurako baino ? Komunikazio talde handietan azken urtetan izan den finantza munduko "diru sartzeak" agian pista bat eskeintzen digu omerta hau ulertzeko.


Komentarioak

Komentarioa idatzi