Baiona, zuri-gorriz
Maite Ubiria
Ohartu gabe, Mauletik Donapaleurat eta Uztaritzetik Pausurat, zuri gorriz jantzi dira euskal herriak. Izan ere, besta nagusia, tamainaz bederen, ate joka dugu. Begibistan ditugu janeko Baionako bestak.
Hastapenetik Sanferminetako izpirituaz jabetu ziren bestek, ordea, anai handiaren arazoak agertzen badituzte. Azken urteotan, estatistika ofizialetik harago, Lapurdi hiriburuko bestak krisian murgiltzen direla agerikoa da.
Jende olatuak galerazteko harturiko neurriek -besta lehenago abiatzen da asteburuko efektua galerazteko- ezin dute ezkutatu bestek aurrez-aurre duen bete gabeko erronka: etorkizuna irabazteko, bestaren oinarrira heltzeko premia.
Hexagonoko bisitariak erakartzeak baditu bere abantailak, bereziki ekonomikoak. Alta, baionarren gutxiengo bat baizik ez ditu mozkinak profitatzen, herritar gehienek, bestazale gehienek, zama bat bezala sentitzen dutela "jende arrotzaren inbasioa". Begiradaren norabidea aldatuta, ordea, zubiak egiteko aukera aparta badago.
Herriko Etxeen harremanetatik urrunago joanez, Iruņea eta Baiona arteko lotura azkartzeko denbora bada, eta gainerako euskal lurraldeekin hartu emanak sendotzeko aroa bada. Besta-lagun naturalak bilatzeko ordua da. Zeren-ta jendea erakartzeko asmoa ez da zergatik estigmatizatu behar. Soilik bestaren arima saltzen bada urrearen truke.
Azken urteotan Baionako besten irudiak kalte handia hartu du. Desmasiak izan dira. Emazteen aurkako eraso latzak gertatu dira... Horiek guziek bestaren desitxuratzeko prozesuarekin lotu ditzakegun arazoak dira.
Bestaren garbitasun izpiritua berreskuratu nahian dabiltzate herriko agintariak.Guziz beharrezkoa da hori. Izan ere, bestaren gardentasuna ezin da errekuperatu soilik badga batzuk banatuz edo aurten ere oraindik martxan ez dagoen baso berriren ekimena bereganatuz.
Bestaren animatzaileekin, herritarrekin, auzoetako taldeekin eta, orohar, urte osoan zehar Baionako hiriaren taupada markatzen duten eragileekin bestelako hartu-harremana sustatzea ezinbestekoa da. Bestaren izpiritua errekuperatzeko bidean harreman askotarikoak elikatzea eta berdintasunean oinarrituriko loturak sortzea baitezpadako baldintzak dira.
Azken urtetan, Baionako bestetan euskarak eta euskal kulturak duten presentzia emeki-emeki emendatuz joan da. Bereziki elkarteek eginen duten ahaleginari esker. Izan ere, kanpoko prokuktuak inportatzeko joerak zoin esponsor handien pizuak itzala handia dute, batzutan "etxeko mozkinak" zokoratu arte.
Baiona gorri eta zuriz jantziko da heldu den ordutan. Milaka bisitari besarkatuko ditu hiriak. Etxeko bestazaleek, anartean, arauaz beteriko bestari bigarren buelta emanez, herri ozpakizunaren jusa ateratzen saiatuko dira.
Hala ere.. edo horregatik hain zuzen.. besta on !
















