Engaiatu gaitezen!

Maite Ubiria

Argitaratua: 2011-06-07 13:59:47

Aurore Martin auziaren gandi, Europan indarrean diren salbuespen legeriak bertan behera uztea aldarrikatzen duen manifestuaren sinatzaileen artean agertzen den izen batek itzal berezia du. Stephan Hessel filosofoa, idazlea, frantziar diplomata ohiak heldu den ekainaren 18an Miarritzeko Iraty gelan iraganen den ekitaldian parte hartzeko deialdia babestu du.

Haserretu zaitezte! bere liburuxkak oihartzun zabala ukan zuen eta iragan maiatzaren 15az geroztik plazatik plazara hedatu den haserretuen mugimenduak ardatzat hartu du idazlan hori.

Norantz doa haserretuen mugimendua ? Zein da bere geroa? Guztiz bidezkoa den jendearen haserraldia kasketa batean amaitu ez dadin zer egiteko prest dira Madrilgo Sol plazan edota Baionan kanpalekuak ezarri dituzten herritarrak ?

Hesselen bigarren urratsa interesgarriagoa da. Haserre izatea untsa da, baina ez da aski. Haserrea agertzea guztiz osasungarria da, baina ez da aski. Plazak hartzea bidezkoa da, baina ultrakonektatua dagoen jendartearen komunikazio gabeziak estaltzeko ez da aski.

Haserre zaitezte... baina, ondoren, engaiamendu zehatzak, eraginkorrak, har itzazue. Hesselen bigarren liburuxkak Engaiatu zaitezte! du izena. Hitzak berriz ere plaza hartu du. Baina, kasu, oraingoan Hesselek exijentzia maila igo du. Ez du balio ekintzaile ikurra hartu eta plazan -hau da etxean, lantegian, unibertsitatean, aisialdian, kontsumo-aretoetan...- berdin jokatzen jarraitu. Ez du balio, ez da ere, banderola zabaldu -karrikan ala sare sozialetan- eta akabo. Edo-ta eztabaidari ateak itxi.

Erran didatenez Baionako kanpalekuan gidoiaren gainean eztabaida baizik ez dute onartu. Egia balitz oso larria litzateke hori. Ziur ez dela egia...

Baieztatu didatenez, Donostiako asanbladan AHTri buruzko eztabaida emateko proposamenari "horiek ezker erredikalaren kontuak direla" esaldiarekin erantzun diote. Horrela balitz oso larria litzateke hori. Ziur ez dela egia...

Hala balitz haserre bikoitza sentituko nuke. Horrelako jarrerak molde zaharrak errepikatzera datozelako.

Bistan dena, bapatekotasunak baditu bere alde onak, baina jendarteak eskatzen dituen aldaketa sakonak gauzatzeko bidean ipurdia busti behar dugu: engaimendu zehatzak hartzeko urratsa eman behar dugu. Ai, baina horretarako helburu zehatzak, tresna zehatzak, denbora zehatzak finkatu behar ditugu.

Konsigna unibertsalak ondo daude, baina Hesselek egin bezala, eguneroko bizitzan deklinatu behar ditugu. Gobernuen itzalean jarduten duten finantza interesak biluztearekin batera, bestelako eredu soziala eta ekonomikoa garatzeko gure inguru hurbilean ditugun tresnak hobetsi behar ditugu - kooperatibismoa, elkartasun sareak, gizakiaren tamainaren araberako lantokiak, belaunaldien arteko elkarkidetza, sindikalgintza...-.

Horregatik, ene uste apalean, protestaren eskemak ezin dira imitatu bertako errealitatea bide bazterrean utzita. Eta, bistan dena, herritarrek hautatutako erakundeek egoera errotik aldatzeko dituzten gaitasunak ezin dira inondik inora mespetxatu.

Herriko Etxeek politika herrikoak gauzatu ditzaketelako. Jendearekin sortutako harremanei lehentasuna emanez, denok amesten dugun iraultza demokratikoa egia bihurtzeko zutabe inportantak direlako herritarrengaindik hurbilen diren erakundeak. Elkarteak bezala. Jendarte sareak bezala.

Azken zortzi urtetan Hego Euskal Herriko udaletan izan den demokrazia gabeziarekin bukatzeko bidean urratsa inportanta emango da aste honetan. Eta testuinguru horretan guztiz ez zilegitzat joko nuke nik bederen udalbatza berri horien zilegitasuna kolokan jartzeko ekimenak bultzatzea. Bozka eman duten herritarrak al dira haserretuen arerio berriak ? Herri kontseilari berriak krisi ekonomikoaren arduradun nagusi al dira ? PP-PSOE Espainian salatzen duten bitartean Euskal Herrian alderdi horiek betikotu nahi duten apartheid politikaren mesedetan jardungo dute haserretuek? Zur eta lur utzi naute elite politikoen pozarako herritarren haserrea areagotzera jokatzen duten proposamenek !! Agian honetan ere gezurra erran didate...

Kakofonia honekin finitzeko hau erretan dizuet. Nire ustez, Euskal Herrian zabaldu den aro berriari so egin gabe ezin da haserrea bideratuko duen mugimendu sinesgarria eratu. Gure herriak abiatu hamaika borrokekin bat egin gabe nekez sortu ditzakegu jendearen konkienziak astintzeko baliogarri izanen den tresna orijinalak. Errespetu osoz, errana da. Argi hitz egin dezagun !

Heldu den ekainaren 18an, haserre diren jendeek baina era berean engaiamendu zehatzak hartzeko prest diren herritarrek eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduari plaza berria, handia, zabala, eskeiniko diote Biarritzen. Haserre dira, nola ez, baina era berean kontent badira ere, aldaketa sakonen garaia bizi garelako Euskal Herrian. Askatasuna eta justiziaren alde egiteko aroa da hau. Egiazki engaiatu gaitezen!


Komentarioak

icon

Andoni Erro

2011-06-09

Arrazoin duzu Maite. Guziok gure egunerokoan euskal auziari lotu behar gatzaizkio. Irabazteko tenorea da.

icon

Mirentxu L.

2011-06-09

Garai berriak engaiamendu berria eskatzen du. Denok eman behar dugu pixka bat, denok garaile irten gaiten.

Komentarioa idatzi