Jendarmeek sindikalistekin bat egiten dutenean...

Maite Ubiria

Argitaratua: 2010-10-20 17:48:47

Benesse Maremneko peajean giro bizia izan da goiz huntan. Hamekak pasatxo antsu 300 sindikalistek A63ko ordaintokia blokeatu dute. Lankide batekin batera erretreten erreformaren aurkako protesta horren berri ematera hurbildu naiz. Jendarmeek bide bazterrean ziren. Gileta horiaren ezean ezin ginela bidean sartu ekimena gertutik segitzeko erran daukute. Ene lankidea, txalekoa ezarri ondoren, lasaiki joan da banderolak besoetan kamioiak eta autoak gelditurik dituzten sindikalistekin mintzatzera. Giletarik ez nuenez, jendarmeen ondoan gelditu naiz.

"Badakizu anderea, erreforma honek gu ere hunkitzen gaitu", aitortu nahi uniformadun batek. "Jendarmerian sartu nintzenean 55 urtetan hartzen zen erretreta -to! adina txarra ez da atseden hartzeko pentsatu dut!. nire baitan- handik gutxira, neholako akordioarik bilatu gabe, 56 urtetara luzatu zuten jubilatzeko adina" jarraitu du esanez jendarmeak.

Autopistako peajean giroa berotzen zen: kamioak geldirik ziren, eta gidariak gehienetan txantxetan hartzen zuten protesta. "62 urtekin kamio hau gidatzen ikusten nauzue ?" erran du ozenki garraiolari batek.

Nekez, gizona, nekez. "Aitormena" abestia kantatzeko zorian nintzela jendarmea berriz datorkit. "Tira, anderea, gileta ez baduzu ere, ni neuk laguntzen zaitut pasatzen, baina kontuz ibili otoi!".

Eskerrak eman eta ekintza burutzen zutenekin bat egin dut, azkenik, peaje erdian. Kontent agertzen ziren langileak, ozpin aurpegiren bat alde batera kenduta, gidari askok klaxonatzen agurtzen zituztelako. Gidari batek bost euroko biletea eman dio ordaintokian tinko zen CGTko kide bati. Inguruan zituen lagunek txalo artean hartu dute keinua. "Atxiki diru hori aperitifa ordaintzeko! " erran dio irriz burkide batek.

"Gero eta jende gehiago ohartu da hau ez dela erreforma baten kontua soilik, elkartasuna ezabatu nahi dutela jendarte eredu injustu bat inposatzeko". Bistan da, langileek eta ikasleek bultzada berria eman diote azken ordutan greba mugimenduari. Autobidea blokatuz edo erretreten desmartxak burutzen dituen egituraren egoitza okupatuz urrats bat harago eman dute gaur Ipar Euskal Herrian erreformari ezetz erra dioten sektoreek.

Landesesako peaje honetan poliziarik ez da agertu ekintza oztopatzeko. Biriatun ere lasaiki blokeatu dute milaka eta milaka ibilgailuk egunero zeharkatzen duten errepide nagusia. Benesse Maremneko peajean 300 sindikalista autopista erdian... eta jendarme batzuk, lasaiki, bide bazterretik begira edo azkoz jota protesta burutzen zutenek istripua izan edo eragin ez dezaten errailetik erralera pasatzen. Sindikalista ziruditen militarrak, gainera...


Komentarioak

Komentarioa idatzi