Kuba gabe ezer ez litzateke berdina izango
Maite Ubiria
Habanako karriketan berrikuntzak sumatzen dira. Xantiera batzuk aitzineratu dira eta denborak utzitako aztarnak emeki-emeki ezabatuz joan dira. Aro bereziak utzitako zauriak ez dira guztiz hertsi, baina odoljarioaren arriskua urrunago antzematen da.
Habana, 50 urte zaharrago, baina oraindik ere besoak zabalik itsasoari begira. Bizardunen kabalkada begietan gorderik dute habanarrek, baina betaurrekoak erabiltzen dituztenek soilik konta dezakete 1959ko urtarrilaren 1ean herriak sentitu zuen zirrara.
Iraultzaren belaunaldia itzaltzen ari da, ez, ordea, kaiman itxurako irla horretako emazte eta gizon ausartek –terroristak, egungo parametroetan neurtuta?– utzi duten ondare aberatsa.
Itsasargia berari buruz zer erran? Dagoeneko lehen lerroan ez dugula ikusten, nahitaez atseden hartzeko garaia heldu zaiolako. Alta, txandalaz edo oliba-berdez jantzirik, Malekoiari so irudikatzen dugu, oraindik ere sozialismoaren olatuekin amets eginez, ideien itsasoan aritzeko marinela trebea dela erakusteko prest.
Xarma handia dute argazki zaharrek, usain berezia hedatzen dute. Habanako kaleak eta plazak ametsez beterik, baita ametsak betetzeko baitezpadakoa den kemenaz lepo agertzen zaizkigu. Ametsez ari natzaizue, ez ilusioaz. Denboraren legea malguago izan ohi da ameslariekin. Ilusio-saltzaileekin, ordea, askoz gupidagabeago.
Kuba gabe ezer ez litzateke berdina izango. Zergatik alboratu hamaika aldiz entzundako leloak beren indar osoa gordetzen dutenean? Eta, alderantziz, zergatik gorde bost ogerleko esaldia 50 urte berantago euroaren paradisuan bizi garenean?
Kubak munduari amets egitea guztiz osasuntsu dela erakutsi ziolako, txikitasunetik abiatuta historia letra handiz idatz daitekeela frogatu zuelako, txiroen duintasuna politikagintzaren lehenengo lerroan jarri zuelako.
Eta zergatik iraganean mintzatu? Urte berria begi-bistan dugularik, Kantauriko kubatarrok amets egiten jarraitu nahi dugu, bere herriaren etorkizuna elkartasunetik eraikitzen duten amerikar anai-arrebekin batera, Israelgo bonbak suntsitu nahi lituzkete palestinarren hil ala biziko gudarekin bat eginez. Finean, munduko bazter anitzetan, han edo hemen, erresistentzia garaipenaren aurrerapena besterik ez dela sinesten dugulako.
Ez ditzagun amalgama faltsuak egin, ez dezagun har prokuradorearen papera ezker-eskuin zigorrak eta sariak banatuz, ez dezagun epaitu bestearen konpromisoa gure pentsamoldea neurgailu bakartzat harturik. Monkadako auzia oroimenean, utz diezaiogun historiari kolore askotariko ekimen eta asmo iraultzaileak epaitzeko lana.
Eta, jai giro ofizialean murgilduta gaudelarik: nola ez, goza dezagun gehiago!!! Kubatarrek ez ezik ustezko garatu gabeko herrialdeek ere egiten irakatsi diguten bezala.
Urte berri on eta gora herria bizirik!
















