M22ren eragina Ipar Euskal Herrian

Maite Ubiria

Argitaratua: 2011-05-24 13:09:41

Hego Euskal Herrian ospatu berri diren hauteskundeek sekulako aldaketa ekarri dute. Eszenatoki politikoa zeharo aldatu da eta Bilduk bozka parrasta bereganatu du.

Ezkerreko abertzaleek eta Euskal Akartasuna eta Alternatiba alderdiek sortu duten aliantzak 313.00 boz baino gehiago bildu ditu eta EAJk abertzaletasun eremuan historikoki ukan duen nagusitasuna aski ukitua atera da bozka hauetarik. Azkenik, PSE-PPk jaso dituzten emaitzek argiki erakusten dute tandem espainolistak indarrez bai baina ez bozen indarrez atxikitzen duela Eusko Jaurlaritza.

Alderdi bakoitzak bere denbora hartu beharko du emaitzek iragartzen dizkiguten aldaketa sakonak barneratzeko. Izan ere, lehen ikasgaiak aski argiak dira: herritarrek aldaketa politikoa gauzatzeko engaiamendu irmoa hartu duen koalizioa babestu dute. Zeren-ta Bildu oso argi mintzatu da kanpainian zehar. Alde batetik, bere helburu estrategikoa euskal Estatu bat sortzea Europan aldarrikatu du eta, bestetik, bakea eta normalizazioa lortzeko bidean alderdien mahaia sortzeko lan eginen duela hitza eman du.

Bi helburu horiek, beraz, sostengu zabala lortu dute eta Bilduk jaso dituen ehunka mila boz horiek Euskal Herrian zabaldu den aro politiko berrian urrats berriak, urrats ausartak egiteko indarra ematen dute.

Azken bi urtetan, bereziki ezker abertzaleak, baina baita ere beste eragile batzuk -goraipatu behar da etxe barruan zatiketa lanjerosa zuen Eusko Alkartasunak hartu duen engaiamendu seriosa- aldaketa sakona martxan jarri dute. Abertzale eta ezkertiarrek dituzten aldarrikapen historikoak lortzeko bidean, formula berriak proposatuz. Herritarren nahia ondo ulertu dutela agerian utzi dute emaitzek.

Hego Euskal Herrian gertatzen dena ezin da mimetismo hutsaz Ipar Euskal Herrira ekarri. Edonola ere, hauteskunde horiek badute eragin bat, lehenik eta behin sikologikoa edo afektiboa gure artean. Batasunak zein Eusko Alkartasunak ez dute bere poza ezkutatzen. Aralarrekin itun estrategikoa duen Abertzaleen Batasunak gogoeta sakonagoa beharko du, seguraski, egun alderdi horren indarra Nafarroa Garaian sentitzen baita bereziki -NaBai emaitza politak ukan ditu- baina Hego Euskal Herrian Bildu bilakatu da bigarren indarra. Egoera berrian, interlokutoreen zerrenda zabaltzea litzateke logikoena.

EA eta Batasuna arro dira. Beraiek aitzindariak izan dira, nolabait, Euskal Herria Bai koalizioaren onurak defendatzeko orduan. Eta indarrak biltzeak emaitzak ematen dituela frogatu du Bilduk.

Izan ere, Bilduren arrakastak beste ikasgaiak eskeintzen dituelakoan nago: aliantza bat eraginkorra izateko oinarri sendoak ukan behar dituela agerian utzi du Bilduk, koalizio horren mezua aitzinetik adostua eta mamitua behar duela izan agerian uzten duen moduan. Aliantza kide bakoitzak indar metaketa horretan fede politiko osoa behar du ukan, fermuki sinistu behar du akordio horretan, horrela soilik piztuko baita militantziaren ilusioa piztuko, horrela soilik lortuko baita militante bakoitzak abertzaleen egitasmoaren enbaxadore bilakatzea.

Jendearengana heltzeko, eremu zailenetan ere herritarrengana hurbiltzeko, arrazoinekin, konplesurik gabe, diferenteen arteko formula guztiz barneratua izatea baitezpadakoa da. Bilduk bide bat erakutsi du, era berean proposamen estrategikoak hartzea ez dela ameskeri bat frogatu duela. Eskoziaren eredua ondoan dugu, hots euskal Estatu bat sortzeko helburua aldarrikatzea ez da ilargian izan, Europan jokatzea baizik.

Euskal Herria Baik balore berria hartu du hauteskunde hauen ondorioz. Ipar Euskal Herrian bada hamarkada bat Abertzaleen Batasuna, Batasuna eta Eusko Alkartasuna alderdiek egin zuten hautua egokia dela erakusten duelako. Abertzaleen eremua zabaltzeko gakoa eskeintzen du gainera -Alternatibak baditu bere erreferentziak gure artean: NPA, Front de Gauche...-. Finean, helburuak eta lan-ardatz argiki finkatuz gero, esparruak zabaltzeko aukera berriak sor daitezkeela erakutsi du Bilduk.


Komentarioak

icon

Idoia

2011-05-24

Horixe da bidea Iparralderako. Euskal Herria Bai-k fruitu onak eman ditu eta geroan hobeak emanen.

Komentarioa idatzi