Sarraila-zulotik behatu baino, giltza baliatzeko garaia
Maite Ubiria
Urtebeteko mamia duten asteak metatzera ohitu gara azkenaldion. Alta, azken zazpi egunetan bizi izan ditugunak aintzat hartuta, egutegia guztiz gaindituta agertzen zaigu, hamarkadetan ezagutu ez ditugun ekimenak edo, zuzenki, nehoiz ez diren ahoskatu hitzak heldu baitzaizkigu.
Loiolako elkarrizketetan parte hartu zuten eragileek prozesu hura iluntasunean garatu zuten. Hainbat momentutan soilik behatu zion euskal jendarteak sarraila-zulotik euskal gatazkari irtenbidea emateko xedea zuen prozesuari. Bertan engaiatu ziren eragileek -aitzinamendu azkarrak lortu bazituzten ere-, Loiolatik kanpo harturiko erabakiak zirela-medio, hurrengo faseari heltzeko aukerarik ez zuten ukan, eta bertan landutako aukera plazara eramateko asmoa hantxe geratu zen.
Prozesuaren etenaldiak euskal herritarrengan -eta bereziki abertzaleengan- sortu zuen etsipena kontuan hartu gabe, ezinezkoa da egunotan azaleratutako gertakari garrantzitsuak ulertzea. Egungo aukera sortzeko bidean garrantzi handia ukan zuen negoziaketa gelditu zenean, bi aldeek euren erlojuak ordura jartzeko ukan zituzten zailtasunak nabarmendu nituen GARA egunkariak elkarrizketa prozesuaren kontakizuna eginez argitaratu zuen ale berezian. Liburuxkaren azalean sarraila bat agertzen zen. Bortizki giltzaperatu zen prozesuaren irudia ala gakoa baliatzeko aukera ez zela guztiz galdua agerian uzteko imajina?
Tempus-ak berebiziko garrantzia du gatazkak konpontzeko prozesuetan. Prozesua bera abiatzerakoan, prozesua jendaurrean aurkezteko orduan, hurrengo urratsak emateko unean, kadentzia aproposa aukeratzea premiazkoa da. Tempus-a tentu handiz erabiltzeko faktorea da.
Erlojua behin martxan jarrita gelditzerik ez dela jakin behar da. Ustezko etenaldiak gerta daitezkeela, baita zenbait unetan iragana betikotzeko jokabideak nagusitu ere. Alta, borondate politikoa eta denboraren kudeaketa aproposa horiek guztiak gainditzeko tresna apartak dira. Horrela demostratu du ezker abertzaleak, lehenik bakarrik, eta ondoren bidelagunen ondoan, bide azkar bezain iraultzailea eginez.
Donostiako konferentzia ibilbide horretan mugarria da. Ez soilik gatazka armatutik konponbide politikora igarotzeko aterabidea eskaini duelako. Baizik eta, erronka guztiak mahai gainean ezarriz, herri honen geroa eraikitzeko ardura duten eragileak modu oso argian identifikatu dituelako bai euskal jendartearen aurrean bai munduaren aurrean ere. Geroztik, bakea lortzeko agendak maila handiko sostenguak bildu ditu. Gehiago helduko direla pentsa daiteke, baina dagoeneko nazioarteko komunitatearen inplikazioa ezkuta ezina da.
Donostiara etorri diren nazioarteko adituen eskutik, Euskal Herrian iratzargailuak jo du, bakea egiteko ordua markatuz. Hibernazioaren amaiera heldu da. Hainbat eragilek eguzkitara ateratzeko agertu duten erresistentzia irmotasunaren erakustaldia baino ahulezia politikoaren froga bilakatu da. Nola ezaugarritu, bestalde, behin betirako aldaketa baten atarian Patxi Lopezek Ameriketako Estatu Batuera jotzeko hartutako erabakia? Bere hautu horrekin, lehendakariaren irudia goibeldu egin da. Bere ihesaldia, gainera, ez da eraginkorra izan. Atlantikoaren bestaldetik Aietera begiratu behar izan duelako, nahi eta nahi ez, Lopezek. Besteak beste, alderdikideek eta Ipar Euskal Herritik eta Parisetik etorritako sozialistek egindako mintzaldiak entzun behar izan ditu, urrundik. Hitzaren beldurrez, oihartzunekin elikatu da.
Izan ere, sarraila-zulotik behatu baino, plaza hartzeko garaia heldu da. Aieteko Adierazpena izan da iratzargailua. Guztiok entzun dute. ETAk borroka armatua utzi ondoren, prozesua amaieraraino eramateko aukera guztiak zabaldu dira. Armen isiltasuna askatasuna irabazteko deiadar azkarrena bilaka daiteke. Herria plazara!
















