Karriketan zoingehiagoka berri baten bezperan, MAM lehen ministro izaiteko prest
Maite Ubiria
"Le Figaro" kazetan gaur irakurri dudanez, Michèle Alliot-Marie prest da. Ez, milaka herritarrekin batera karriketara jotzeko, erretreten erreforma salatzeko, François Fillon-en postua hartzeko baizik.
Biarritzen ospatu berri den UMPko legebiltzarkideen bileran argi berezia erakutsi zuen politikari lohizundarrak. Kazetariekin hartu harreman anitz ukan zituen, mementu batzuetan anfitroi paperak eskatzen zuen lana aski gaindituz.
MAM prest da lehen ministroa izaiteko. Horrela aitortu du gobernu aldaketaren zurrumurruak herritarren aldarrikapenak isilarazteko baliatzen diren astelehen honetan, greba baten bezperan.
Justizia ministroa, lehenago Barne ministroa, deputatua... aitzineko RPR alderdiaren damak aitortu duenez aspalditik "afera guzietaz" interesatzen da. Hots, presidentzialetan arerio izan zuen eta oraingoan patroia duen Sarkozyk hala nahi balu, "edozein eskaerari" erantzuteko prest legoke Alliot-Marie.
"Ohidura dut ekonomilariak, enpresa-buruak, sindikatuen arduradunak, unibertsitateko jendeak gurutzatzeko...". Elgarrizketarako dohaia agerian utzi nahi izan du Justizia ministroak. Borloo eta beste "lehen ministrogaiak" ahantzi gabe, Alliot-Mariek urratsa eman duela ezin ukatu.
Sindikatuek bultzatu duten seigarren greba eta mobilizazio bezperan MAMek egin duen aitorpena harridura sortzen du. Erretreten erreforma atalez-atal aurrera ateratzen ari da frantziar Legebiltzarrean eta gobernuak ez du neholako keinurik egin adostasunaren bat bilatzeko. Agian, Alliot-Marie lehen ministro balitz... Dena da posible, baina aurrekariak honetan ere ez dira oso onak: MAMek Legebiltzarrean irabazi zuen aulkia bere enkarguz berotzen duen Poulou deputatuak erretreten erreformaren alde bozkatu du.
"Gai nagusiak" hobe ezagutzeko bidean askotariko solaskideak hartzen omen ditu Justizia ministroak. Alta, auzitegietan ez dute begi onez hartzen bere erreformak.
Jon Anzaren familiak izendaturiko abokatuek ez dute xantzarik ukan. Gai nagusi hori hobeki ezagutzeko bidean... ministroak ez du inolako elkarrizketarik bultzatu, eta familiak luzaturiko eskaerak bata bestearen atzetik, azalpen bat eman gabe, ukatu ditu.
Kasik urtebete desagerturik izan ondoren iragan martxoan hilik azaldu zen euskal heslariaren kasu iluna argitzeko bidean ekarpen handia egin dezake Allio-Marie andereak. Berak urratsa eman nahi nahi badu familia bat, herri bat entzuteko prest du.
Alta, uda aitzin abokatuek igorri zioten gutuna erantzuteke dauka ministroak. Baionako prokuradoreak Frantziako Polizia Judizialari agindu zion inkesta zergatik egin zuen porrot jakin nahi dute abokatuek, horrendako Baionako parketan barne inkesta bat idekitzea eskatu dutelarik.
Mementukoz erantzunik ez dute. Egiaren bila Matignon-eko atea jo beharko dute laster ?
















