Urrats berriak, oztopo zaharrak
Maite Ubiria
Frantziako Iraultzatik hona, Errepublika egonkortzeko zutabe nagusienetarikoa izan da Hezkuntza Sistema. Eskola eta Armada, lapitza eta ezpata, aparteko tresnak bilakatu ziren ordura arte frantsesa arrotz zutenek «zibilizazio hizkuntza» behingoz besarka zezaten. Kontu zaharrak. Nahitaez. Sarritan leporatzen digute euskal herritarroi iraganera begira garela; ameskerietan murgiltzeko joera gaindiezina dugula bizkarreratzen digute maiz. Izan ere, Frantziako Legebiltzarrean, aste honetan, Luc Chatel, frantziar Hezkuntza ministroak egin dituen adierazpenek Parisek zaharturiko errezetak baizik ez dituela ezagutzen agerian utzi dute.
Globalizazioaren mendean horra hor Frantzia bakarra eta zatiezina. Aniztasun kulturalaren aldeko apologia ahantzita, estatu zerbitzari batek berdintasun irizpide urraezina haizeratu du. Hastapenean ezpataren bidez eta ondoren arbelaren aitzinean belaunikarazi nahi zituzten herriek haien hizkuntzak garatzeko segurtasun juridikoa eskatzeko eskubiderik ez dute.
Eleketan segitu dezatela, ahopeka bada hobe, baina ez dadila jalgi plaza handirat. Han-hemenka urrats tipi bat edo beste eman dezaten, bide batez Hexagonoari kolore ukitua emanez, baina ez dezatela pentsa elkarteek eta militanteek utzitako izerdiari esker erdietsi dituzten aitzinamenduak egonkortzeko eskubidea aitortuko dizkiela, besterik gabe, Errepublikak. Frantziar hiztunek baino ez dute merezi legearen babesa. Araua zaharra da, eta Parisek hori aldatzeko beharrik ez duela ikusten baieztatu du, lotsarik gabe. Alferrikakoa ematen du, bada, hitzon azpian balizko asmo zintzoagoak bilatzea.
2008an piztu zen izartxoa urrunduz doa, iragartzen zuen argi izpia itzali nahi baitu Parisek. Orduan egin zuten, borondate oneko legebiltzarkide batzuk, Parisek Europako Eskubideen Karta izenpetu zezan lehen urratsa. Parisek zaplazteko batekin erantzun zien, jakinda ere haien aurpegian emandako kolpearen ondorioak hizkuntz gutxituen erabiltzaileek ordainduko zituztela.
Lurretik altxa eta 2009ko azaroan elkarrizketak abiatu zituzten Le Fur, Jung eta beste hainbat diputatuk, atetik ez bazen leihotik bederen, hizkuntz eskubideen afera berriz ere agenda politikan sar zedin. Iparraldeko ordezkariek gertutik jarraitu dituzte ahaleginak. Bertze herrietako ordezkariekin batera burutu lobby lanak irudikatu zuen zeharkako aukera galbidean dela aitortu beharra dago.
Frantziak muzin egin zion lehenik Europako Karta izenpetzeari; ondoren, Gobernuak legea egiteko egitasmoa baztertu zuen. Besteak beste, Baionan milaka eta milaka euskaltzale -Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria, Max Brisson, barne- bildu zituen Deiadar manifestazioak zabaldu zuen aldarrikapenari bidea hertsiz.
Lege batekin alderatuta ibilbide motzagoa duen frantziar legebiltzarkideen egitasmoa trabatu du oraingoan. Beste saiakerak izan daitezke, baina, momentukoz, Frantziar Iraultza garaiko kea erabilita estali nahi du Parisek euskaltzaleen bihotzean pizturik den sua. Euskara, hots, herria, haren ondaretzat harturik, museo baten mailegu-emaile gisa aritzeko parioa egin du Parisek. Esker onez har dezagun, behingoz, tarteka Bernat Etxepareren altxorra gure etxean begiztatzeko parada eman izana!
XX. mendeko 50eko hamarkadaz geroztik euskaltzaleek eginiko lana oheratuz, haiek utzitako tresnak gaurkotuz, eta, batez ere, frantziar zentralismoari herri iraultzarekin buru egiteko haiek erakutsi kemena berpiztuz, jauzi berria emateko ordua da. Euskarazko hedabideek ahotsa goratu dute, Iparraldekoek barne. Ez da harritzekoa. Euskarak estatus nazionala jabetu ezean, gure hizkuntzak Pariseko museoan erlikia gisa bukatzeko duen lanjerra agerikoa da. Norbaitek nahi al du taxidermista izan?
















