Urruti begiratzeko lunetak jarririk, hautuak egin

Maite Ubiria

Argitaratua: 2010-06-07 11:18:06

Paueko Auzitegiak astearte honetan jakinaraziko du Aurore Martin Batasuneko ordezkaria Auzitegi Nazional espainolaren esku uzten duen ala ez. Ezker abertzalearen aurkako auziak hainbat errepika ukan ditu Ipar Euskal Herrian. Izan ere, hiru lurraldeetan ñabardurak izan ditu sektore politiko horren kontrako jazarpenak. Behin baino gehiagotan espainiar politikariek zein hedabideek ulergaitzat jo dute euskal independentismoaren aurkako beren gurutzadan Madrilek ezarritako erritmo azkarra jarraitzeko frantziar Estatuak agertutako zailtasun edo interes «ez nahikoa».

Barne Ministerio espainolak hamaika eta bat egin ditu frantziar Gobernuak ilegalizazioaren logikaren nondik-norakoak osorik partekatu ditzan. Bide diplomatikoetatik harago, egunekotasunean bi estatuek elikatzen dituzten koordinazio guneetan anbizio handiagoz jokatzearen beharra aipatu dute frantziar lurraldean airoski jarduten duten funtzionarioek.

Diskurtso mailan bada ere, etengabeko lan horrek oihartzun bat izan du. Sarkozy eta Alliot-Marie entzutea besterik ez da horretaz jabetzeko. Jon Anzaren desagerpenaren karietara, orduko frantziar Barne ministroak Rubalcabak zabaldutako gezurrari emandako hauspoa adierazgarria izan zen.

Bide horrek dakarren arriskuaz ohartaraziz, Marie Darrieussecq-en eskutitz zinez interesgarria argitara eman zuen joan den maiatzean «Libération» egunkariak. Idatzi horretan zazpi urtez auziaren zain izan ondoren errugabe jo berri dituzten «Euskaldunon Egunkaria»ren zuzendaritzako kideen kasua aipatzen du idazleak, frantziar hedabideek etxe ondoan gertatu den eraso horren aitzinean agertutako arreta falta agerian utziz. «Independentismoa eta terrorismoa ez dira gauza bera», zioen idazleak, Madrilek egitasmo politikoen aurka abiarazitako eraso zabalari legitimitatea ukatuz.

Bi zango, behingoz, erritmo berean murgilduko zirela pentsatzeko arrazoi bat baino gehiago izan du azkenaldion Madrilgo Gobernuak. Badira bi urte Batasunaren aurka Ipar Euskal Herrian gauzatu zen polizia operazioa horrela saldu zuen. Izan ere, operazioak espero baino emaitza urriagoak eman zituen. Karrikan emandako erantzunak argi gorria piztu zuen Parisen eta, beste behin ere, bidaiaren helmuga eztabaidan jarri gabe, bideak bereiztearen aldeko jokaerak indarra hartu zuen.

Euskal Herriaren aitortza politikoa lortzeko bidean lanean jarduten duen sektore politikoa kolpekatzen jarraitu du Parisek. «Kalaka afera» aitzakia harturik, Batasunaren kontra ez ezik, herri dinamika ezberdinetan murgiltzen diren hainbat egitasmo susmopean jartzeko operazio andana egin ditu frantziar Poliziak.

«Independentismoa eta terrorismoa ez dira gauza bera»... baina aldaketa politikoaren aldeko apustua zangotrabatzea xede duen gobernuaren ikuspuntutik, euskal jendarteak bere egiten dituen aldarrikapen demokratikoen karietara nahasmena sortzea guztiz gomendagarria da.

Bi zango, honetan ere. Alde batetik, atzaparrak erakusteko momentua bere beharren arabera hautatu nahi du Parisek. Bestetik, Madrilgo polizia-agintariekin harremana orekatzeko beharra sentitzen omen du ETAren aurkako borrokan bere grina aski frogatuta duen aliatuak.

Martinen aurkako euroagindu auziak geroari begira Errepublikak hartuko duen bideari buruz hainbat argibide eman ditzake. Agintzen duen lurraldean -oraingoz, bederen- zilegi den lan politikoa mugaz bestaldean egiteagatik «beretzat» hartzen duen herritarra Espainiaratzeko prest dago? Etorkizun hurbilean oztopo bilakatu daitekeen eskaera errefusatuz, urruti begiratzeko lunetak jartzeko aukera paregabea du Parisek.


Komentarioak

Komentarioa idatzi