Xahori omenez, Chao kaia bete

Maite Ubiria

Argitaratua: 2008-10-31 11:46:11

Agustin Xahok omenaldi apala, gertukoa, sentibera jaso du Baionako hilerrian. Lagunen arteko besarkada umila, herriarendako oroimena pizteko gogoz, baina zalaparta handirik egin gabe. Gorazarre ttipia, etxe gustukoa, jende guttiaren aurrean.

Azken boladan, memoriak esparrua bereganatu du, iragana presente eginez, denboraren haustura malgutzen. Alta, memoria berreskuratzeko era anitz dira, baita iraganak gordetzen dituen itzalak lau haizetara zabaltzeko ere.

Faxistek bortizkeria zikina erabili zuten Maravillas izeneko neskatxaren gorputza okupatu lehenik, eta ondoren suntsitzeko. Hamarkada luzez iluntasunean ezkutatu zuten Larragako sarraskia. Alta, abeslariaren ahotsa, herriaren eztarria, amnesia lotsagarria ekiditeko botika preziatua bilakatu da.

Xahoren bizitza oparoa, Xahoren begirada ausarta, Xahoren pentsamendua errealitate gauzatzeko balentria. Eta ezin apalago ere oroimenaren itzala. Herriak memoria behar baitu bizirik irauteko, baita engaiamendu berria ere, bata bestearen atzetik, elkar lotzeko, katea etengabe osatuz. Bidea sasiaz garbitzeko ariketa, geroari heltzeko sormena.

Ttipitasunaren aldarriak «ahal den eta jende gehien» elkartzeko obsesioaz menperaturik bizi den gizarte honetan xarma berezia hartzen du.

Xahori ohorez, lagunen artean. Eta astebetera, biziaz beteriko Quai Chao-n oso bestelako proposamena. Ala ez hainbeste? Milaka lagun, hamaika kuxkuxero. Lurrama-ra hurbiltzeko prest dugu dagoeneko motxila!

Izan ere, barkatuko nauzue, feriaren epeltasunean izanen naizenean, eguneroko bakardadean, karriketatik urrun diren larre eta etxaldetan hil ala biziko guda libratzen duten xaho xume, xaho iraultzaile, lurrari irmo atxikitzen dioten xaho ttipi bezain handi guziak gogoan izanen ditut.

Ni bezalako kalekume andanaren artean iduri galdurik bilakatzeko arriskuan diren jendeak, alegia.


Komentarioak

Komentarioa idatzi