Baxe Nafarroa arrapizten ari ote ?
Mattin Bacho
Azken hamarkadetan emeki emeki bainan gelditu gabe Baxe Nafarroak herritarrak galtzen zituen. Nahitarat baliatzen dut iraganaldia egungo egunean ez baita gehiago egia. Hori diote bederen INSEE estatistika zentroak iragan abenduaren 30ean karrikaratu dituen erroldaren azken emaitzek (1).
Baxe Nafarroko hiru herri elkargoen eremua hartzen badugu (hots guttigorabehera (2) Amikuze, Iholdi-Oztibarre, Garazi eta Baigorri kantonamenduen lurraldea) bizilagunen kopurua 24.977 etarat ailegatzen da aitzineko erroldan (1999 urtean egina) 24.097 herritar kontatzen zirelarik. Balio absolutuan 880 egoiliar gehiago badira hau da banabeste %3,65 ko emendaketa.
Polo jendetsuenek herritarrak irabazten
Zoom bat eginez ohartzen gira gehien haunditu diren kantonamenduak direla hurrenez hurren eta ordrean : Amikuze 9355 egoiliar ( + 466 ; %5,24), Baigorri 5727 herritar (+ 215 ; %3,90), Iholdi-Oztibarre 3557 bizilagun (+ 111 ; %3,22) eta Garazi 6338 egoiliar (+ 88 ; %1,41). Eskualde bakotxeko herri nagusiak emendatzen dira : Donapaleuk 1874 herritar kondatzen ditu (+ 173 ; %10,17), Baigorrik 1602 (+ 77 ; %5,05), Donibane Garazik 1513 (96 ; % 6,77) eta Irisarrik 814 (86 ; %11,81).
Oro har herri nagusien inguruan kokatzen diren herriek herritarrak irabazten dituzte hala nola Aiziritze 642 egoiliarrekin (+ 83 ; %14,85), Arberatze 316 herritar (+ 46 ; %17,04) Amikuzen edo Uharte Garazi 620 bizilagun (+ 61 ; %10,91), Zaro 192 egoiliar (+ 45 ; % 30,61) Garazin. Badira haatik salbuespenak : konparazione Izpurak 16 herritar galtzen ditu eta Donazaharrek aldiz 22.
Iparraldeko hiriaren bidean diren herri batzuek haien gorakada segitzen dute konparazione Ortzaize 785 herritar (91 ; %13,11) edo Martxuta 245 bizilagun (34 ; %16,11).
Herritarrak galtzen dituztenetan agertzen dira besteak beste Aldudeko ibarreko herriak, Oztibarreko hainbat herri, Jatsu edo Behauze.
279.496 bizilagun Iparraldean
Baxe Nafarroko mugak gaindi ditzagun orain. 2009ko urtarrilaren lehenetik geroztik Iparraldeak ofizialki 279.496 herritar kondatzen ditu. Xehetasunetan sartu gabe ondoko lerroetan tendentzia larrienak aipatuko ditut.
BABen sorpresarik gabe Baionak eta Angeluk egoiliarrak irabazten dituzte 4562 eta 2390 hurrenez hurren. Baionak beraz 44406 herritar ditu Angeluk 37646 dituelarik. Sorpresa Biarritzetik jiten zauku 3357 egoiliar galtzen dituelako hots %11,17ko apalketa bat. Prentsako ohar batek salatzen zaukun INSEEko xifreak ez zirela baitezpada auzapezaren gustuko. BABk oro har 108.742 herritar ditu.
Sektore dinamikoenak
Bainan demografikoki sektore dinamikoenak hiriaren lehen eta bigarren zinturan kokatzen dira. Hala nola etsenplu batzu hartzeko Basusarri (2377 egoiliar eta + %30,82), Bidarte (5614 herritar eta + %20,21), Bezkoitze (2396 bizilagun eta + %20,52), Uztaritze (5458 egoiliar eta + %9,80) edo Luhuso (784 herritar eta + %35,17).
Kanboren kasua azpimarratzekoa da 1255 herritar irabazi baititu 7 urtez soilik (+ %28,42). Beste sektore dinamiko bat hego Lapurdi eskualdea da salbuespen nabarmenekin hala ere.
Hendaia (14041 herritar, + %11,47) Iparraldeko laugarren herria bilakatzen da D. Lohitzune gainditzen baitu (13579). Etxebizitzen prezioak Biarritzeko beherakadan eta D. Lohitzuneko emendatze motelan zerikusia ukan daiteke. Hego lapurdi zabalak 58071 herritar kondatzen ditu.
Bukatzeko nola ez aipa Xiberoa. Eskualdeko herritarren apaltzea moteltzen bada ere ez da bahatzen. Beherakada indartsuena sorpresik gabe Basaburuan (Atharratze) gertatzen da. Oro har Xiberoak 13184 bizilagun ditu.
(1) Zutabetxo hortan agertzen diren xifreak INSEE ko « population municipale » etik (azken erroldetan «population sans doubles compte») ateratuak dira hots estatistika zentroak gomendatzen duen xifrea konparaketen egiteko.
(2) Amikuze, Iholdi-Oztibarre, Garazi eta Baigorriko kantonamenduen esparruak eta hiru herri elkargoen lurraldeak kasik bat egiten badute ere salbuespenak aipatu behar dira : Mehaine herria Amikuzeko Herri elkargoaren partaide da nahiz eta Hazparneko kantonamenduko herria izan, kantonamenduko herria izanik ere Heleta ez da Iholdi-Oztibarre Herri elkargoan.














