Biharamunean «statu quoa» dirau

Mattin Bacho

Argitaratua: 2009-04-29 11:14:47

Debadio eta prentsaitzinekoen biharamunean statu quoa dirau. Iparraldeko alegiazko elkargo, kolektibitate edo erakundeaz mintzo naiz. Iparraldeko herriak bilduko lituzkeen berezko lurralde elkargo baten alde direnak VS statu quo zaleak. Gauzak gisa hortan aurkeztuz eta jakinez herritarren eta hautetsien 2/3ak alde direla zaila da ulertzea nola 2009 urtean Iparraldeak ez duen oraino berezko elkargorik. Bainan errealitatean gauzak ez dira aipatu maneran presentatzen bederen orain arte.

Aldaketaren alde diren indarrak ainitz bezain barreiatuak dira. Gainera azken hilabeteetan bat bestearengandik urruntzeko duten joera azkartzen ari dela dirudi. Multzo hortan atxemaiten ahal ditugu : autonomia zaleak, super herri/hiri elkargo zaleak, elkargo berezi zaleak edo Frantzian barneko (funtsean gainerateko zaleak bezalaxe) lurralde kolektibitate zaleak. Partekatzen dutena : Iparraldeak bere elkargoa behar du eta bat bestearengandik bereixteko joera. Partekatzen ez dutena : gai jakin hortan gauza guti.

Parean statu quo zaleak. Gehienetan isilik egoiten dira. Arrazoin dute. Azken 220 urteetan Iparraldeko lurraldeek ez dute berezko egitura politikorik ukan. Beraz inertziaren indarra baliatzea aski dute eta gure arima kontserbadoreak gaineratekoa egiten du. Deus egin gabe gutiengoan den haien borondatea obratzen da egunez egun. Ardurenean mutu badira ere ateraldi batzu egiten dituzte konparazione bere lana egiten duen kazetari bati arrapostu zerbait eman beharrean. Errefera arruntenak ondokoak ditugu :

* Lehena : « berezko elkargoa ? galdegin dezatela (mespretxu kutsu batekin) bainan ez da hori lehentasuna, badugu besterik egiteko hala nola langabeziari buru egin edo etxebizitzak eraiki ». Dudarik gabe ezagutzen ez dituztan azterlan zientifiko batzuek frogatu dute langabezi tasa apala eta erakunde ezak zerikusi zuzena dutela. Tokiko alderdi sozialisteko kide batzu, UMPtiar edo etiketarik gabeko eta « politikarik egiten ez duten » (alegia eskuintiarrak) hautetsiak ditugu sentsibilitate hortako ordezkari nagusiak.
* Bigarrena : « Euskaldunak miresgarriak, azkarrak eta bikainak zirezte (kutsu paternalista batekin). Maite zaituztegu (alegia guk Biarnesek) eta elgarrekin bizitzeko eginak gira ». Bozeramaile famatuena besteak beste abertzale elkargozale bozkeri esker pasatu den diputatu ele(huts)errexa bat dugu.

Hortan mugatzen dira « -kontra- argudioak » bixtan dena ez baditugu kontutan hartzen bestea « hetsia » eta norbera « idekia » (lastoa eta zurkaitzarena alegia) lau haizeetara oihukatzen duen ikusmoldea.

Laburbiltzeko nahiz berezko lurralde elkargo bat nahi dutenek gehiengo sendo bat osatzen duten statu quo zaleak dira garaile besteak beste berezko elkargozaleen barreiatze joeragatik.

Hegoaldeko leader politiko bat parafraseatuz aldaketa gauzatzeko puzzleko puska guziak hor dira. Y a plus qu’à.


Komentarioak

Komentarioa idatzi