Eguberri : zaharberritze gelditu gabea

Mattin Bacho

Argitaratua: 2009-12-12 12:48:25

Zendako abenduaren 25a ?

Aita sainduak Jesusen sortzearen besta inperio guzian inposatzen du 379 urtean. Ondotik Jean Chrysostome, Kostantinopleko artzapezkikuak, abenduaren 25a hautatzen du haurraren sortzea ospatzeko.

Alta historikoki Jesusen sortze egun eta hilabete zehatza ez dugu ezagutzen. Urtea ere ez « girixtino aroa » deitzen dugun hori (hau da munduko eskualde huntan egungo egunean baliatzen dugun 0 urtea) Denys le Petit fraideak duelako asmatu berantago hots VI. mendean.

Dena den guk hemen eta gaur egun ospatzen duguna abenduaren 25ean ospatzen dugu. Hipotesi gehienen arabera data hori neguko solstizioarekin zerikusia zuten besta pagano zaharren (Dies natalis solis invicti edo eguzki garaitu gabearen kultua konparazione) kristautzeko hautatua izan da.

Eguberriko opariak noiztik ?

Duela aspaldi opariak eskaintzen/errezibitzen direla urte hondar edo hastapenean. Oparia errezibitzen zuenari urteberri on, oparo eta dohatsu bat desiratzeko xedearekin erromatar aroan sortu urteberriko oparien usadioa (les étrennes) emeki emeki eguberriko egunerat lerratuko da. Bestalde abendu hondarrean gehienek opariak eskaintzen eta/edo errezibitzen baditugu Nikolas Sainduari esker da ere.

Nikolas sainduak banatzen ditu XVII. mendeadanik, bainan bakarrik goi mailako familiako haurrei. Gaineratekoek goxokiekin edo intxaurrekin koforme gelditu behar dira. Iranjak, fruitu exotikoa eta beraz preziatua, oparitzea berantago agertzen da eta fintasun seinale bezala ekarria da.

Publizitatearen eta salerosketaren garapena dela medio, oparien egiteko usadioa jendartearen maila guzieri hedatu da eta bizar xurik azken hamarkadetan ardietsi duen ospea gelditu gabe emendatzen da.

eta zendako ?

Aditu gehienen arabera opariek eginkizun soziala dute iturri. Familiako edo lagunarteko hartu-emanen kalitatea adierazteko manera bat litzateke. Familia, lagunarte eta aberri mailako kohesioa azkartzeko zeregina luke ere. Ez litzateke beraz batzuek salatzen duten gure kontsumo-jendarteko zentzugabekeriaren ilustrazio hutsa. Adituen arabera beti ardura gertatzen den oparien gehiagokada hori ahultzen ari den jendarte-lotura indarberritzeko entsegu bat litzateke. Arrapostu txar bat galdera on bati.


Komentarioak

Komentarioa idatzi