Eta dena aldatzen baginu…
Mattin Bacho
Huna "Alternatives économiques" aldizkariko lehen orriaren izenburua. Titulu erakargarria jakinez gainera lelo hutsetatik urrunago joaiten den aldizkari batetan atxemaiten dela. Zein dira beraz « dena aldatzeko » dozier hortan agertzen diren pista/proposamen horiek ?
Lau atalburutan sailkatuak dira hots « eta ekonomia demokratizatzen baginu ? », « eta mondializazioa aldatzen baginu ? », « eta berdera pasatzen bagine ? », « eta uros izaitea deliberatzen baginu ? ». Txosten osoa luzeegi denez dena ondoko lerroetan aipatzeko lehen atalburuan proposatu neurrieri mugatuko naiz hau da...
eta ekonomia demokratizatzen baginu ? :
Eta enpresetako Administrazio Kontseiluetako kideen erdia langileez/soldatapekoz osatua balitz ? Enpresaren bizian parte hartzen duten guziek -langileak barne- enpresaren kudeaketan partzuer balizte egun ezagutzen dugun akziodunen eta epe motzearen diktadura desager edo guttienez azkarki eztituko litzateke.
Eta hilabete sari maximo bat jartzen baginu ? Guttieneko sari bat existitzen den moduan zendako ez ezarri hilabete sari maximo bat ? Horrek enpresa barneko aberastasun birbanatze bat ekar lezake langileen eta inbestisamenduaren mesedetan.
Jendarteak zilegitasun osoa luke enpresa barneko muturreko sarietan eskua sartzeko : ororen buru enpresa baten arrakastan zuzendarien kalitatea baino ingurumena gehiago konda da (azken hori tokiko jendarteak mendez mende egin dituen indarren ondorio zuzena delarik). Gainera podere publikoek gelditu gabeko laguntza bat ekartzen die enpresei izan dadin azpiegitura materialen bidez -bideak, elektrika, sarea- edo materiagabeen bitartez.
Eta langile guziak sindikatuak balizte ? Sindikalismoa kontra-podere garrantzitsua da enpresetan zein jendartean. Egoera hori zerrek esplikatzen duenean sartu gabe segur dena da sindikalismoaren ahuleziak gure jendarteko ahulenak biluzik, gerizagaberik uzteaz gain sari, errebenio desberdintasunak emendatzen dituela.
Sindikalismoa bultzatzeko xeka sindikal bat lekuan jartzen ahal ginuke. AXA asegurantza lantegian esperimentatua izan da. Nagusiak langileari diru kopuru jakin bat eman behar dio eta langileak sindikatu bat diruztatzeko bakarrik baliatzen ahal du.
Eta errebenio haundienak %80 heinartino zergapetzen baginitu ? 1929 krisitik landa Roosevelt lehendakariaren lehen neurrietarik bat izan zen. Bigarren munduko gerlatik landa gainerateko herri « garatuek » ber bidea segitu zuten. 30 urtez hazkunde ekonomiko haundia eta desberdintasunen apaltze esanguratsua uztartu ziren hots azken hamarkadetan ezagutu dugunaren kontrarioa.
Eta zinezko asegurantza sozial profesional bat eraikitzen baginu ? Bizi profesionalaren memento jakin batean langabezian aurkitzen direner gizalegezko sari bat segurtatu herritar oso izaiten jarraik dezaten eta formatzeko aukera zabalak proposatu kalitatezko enplegu bat egin ahala fite atxeman dezaten.
















