Euskara eta erdararen arteko bizikidetza iraunkorra antolatu
Mattin Bacho
Euskara gai, eremu edo egoera jakin batzuetarat mugatzea joera aski arrunta da Iparraldeko euskaldunen artean. Behin baino gehiagotan zer pentsatua eman daut.
Elgar agurtzeko edo aroaz bi ele trukatzeko euskara baliatzen duten eta gaineratekoaz mintzatzeko frantsesez segitzen duten euskaldunak aditzeak ardura halako barne ezinegon bat eragiten daut.
Bi hizkuntzen arteko hierarkia bat salatzen duelako izanen da. Zentzurik ba ote du euskara baliatzea konda ez diren gauzetaz bakarrik mintzatzeko bada ? Halakoetan mintzaira zaharra alde bat uztea ez litaikea komenigarriago ?
Alderantziz beti ber erranaldi hormatuak badira ere ez dea hobe euskara doi bat entzutea deus aditu baino ? Erabateko desagertzea burutu aitzin hizkuntz ordezkatzearen azken arrasto bat dea ? Azken denboretan nire buruari egiten dazkotan galde zerrendari bat gehitu dut : eta euskaldunek, euskaradunek duela aspaldi hautatu duten bizirik irauteko estrategia baten hondarra balitz ?
Herri-mintzaira bizirik iraunaraztea ez da euskaldun jendeak denboran ukan duen ez eta ere orain duen xede bakarra bizian. Euskaldun jendeak besteak bezala ogibide bat nahi du eta ahalaz ogia baino gehiago ekarriko dakon lanbidea, aterpe bat nahi du aroaren jukutrietaz gerizatzeko eta ahalaz auzoek dutena baino doi bat ederrago, familian maitatua eta jendartean miretsia izan nahi du, eta abar luze bat.
Euskara alor jakin batzuetarat mugatze hori, hainbat euskaldunendako segurrik, agian gainean aipatu helburuak eta euskara bizirik iraunarazteko xedea uztartzeko bide bat izan. Bistan dena deusetan oinarritzen ez den hipotesi huts bat da hori, zientzia-balore izpirik ez duen susmo bat. Bainan egia ala asmakizun hutsa euskaldunok, Iparraldeko euskaldunok bederen (zertan den egoera ikusirik), alegiazko estrategi horren gaurkotze lanetan ari beharko ginatekeela iduritzen zaut.
EEP-ren webgunean Erramun Bachoc-ek Ferguson-en hitzak arrahartzen ditu : “Gizarte batean koda ezberdinak erabiltzen direlarik, luzaz elkarrekin diraute, batek funtzio berezia betetzen duelarik besteak betetzen ez duena. Zerbitzu berdinak eskaintzen badituzte, noizbait batek besteari lekua kentzen dio”.
Bachoc-ek gehitzen du : “Bolikostan, herrian herri hizkuntza erabiltzen da adibidez baule, merkatuan diula, eskolan frantsesa, meskitan arabera. Euskal Herrian, duela 50 urte, euskara zen familian, elizan, merkatuan eta plazan, frantsesa eskolan eta soldadogoan. Telebista etxean sartu delarik, frantsesak komunikazio eremu guztiak hartu ditu”.
Euskaldunek bizirik irauteko hautatu zuten alegiazko estrategia zaharra telebistak bakarrik duenez hankaz gora ezarri ez dakit (ekarpen erabakigarria egin duela dudarik ez) bainan segur dena da lehen hermetikoak ziren euskal eremu elebakarrak (“familian, elizan, merkatuan eta plazan”) orain eta hemen ardurenean egiazko iragazkiak direla (ustezko gotorlekuak diren laborantxa edo eliza mundua barne), erdarak funtzio guziak betetzeraino, eta horrek euskararen gainbeheran eragin haundia ukan duela.
Lurralde berean hizkuntza bat baino gehiago baliatua denean edo bien arteko bizikidetza bat antolatzen da edo batek, azkarrenak, besteari gaina hartzen dako (gurean zein den xahu izanen argitzerik balio ote dea ?). Nik uste eremukatze hermetiko eta orekatu (hierarkia argirik gabekoa) berri bat asmatu eta obratu behar ginuke norbanako zein jendarte mailan. Agian hori da orain eta hemen bizi giren euskaldunon lehentasuna. Iruzkinak libro.
Komentarioak
Julen
2010-10-12
Nik ez dut nahi eremu orekaturik! Nik euskaraz bizi nahi dut! Nik hizkuntz eskubideak ditut! Ni euskaldun izateaz harro nago! Nik ez diot utziko frantsesari euskararen lekua hartzeko!
Julen
2010-10-12
hartzea...
xantxo
2010-10-12
Uf, Erramun Bachocen analisia arrunt eskasa zait. Telebistari erru guzia emaitea, gauzak biziki fite laburbiltzea zait !
Gainerateko artikuluan, tronpatzen ez banaiz, Mattin, euskara biziarazi nahi duzu, eta horretarako duzu delako oreka proposatzen, aterabide bezala.
Ez ote zirea helburuz tronpatzen ? Euskara biziaraztea baino, ez litzatekea hobe euskaraz biziaraztea ? Euskara teknikaria izanez, gai horretaz bi pentsaketa egitera gomitatzen zaitut. Eta antolatzen duzuen euskararen eguna urtean 365 aldiz biderkatzera ere bai, funtsean !
Julen
2010-10-12
Frantsesek erabili duten euskararen hiltzeko tresna nagusietariko bat izan da telebista...
Hala ere berritz irakurriz gero,
Ez naiz ados eremuen orekatuarenarekin, salbu transizio fase bat bada. Gauza da, "orekatua" denean (orain bederen), estatu frantsesaren "oreka" da: FRANTSESEZ eta euskaraz...
Ene ustez euskarari lehentasuna eskaini behar zaio edo zein eremuan: sozialean, juridiko zein politikoan. Sozialean, herriz herri euskaraz bizitzeko esparruak sortuz. Juridikoan, hizkuntza politika burujabe bat eraikiz (Euskal Herritik euskararen inguruko eztabaita ri gogoeta batzuk atera daitezkeela ohartzen naiz zure artikulua irakurriz. Pariseri legedi bat galdetu ordez, gurea egin dezagun! Gure hizkuntza, gu geuk bigarren hizkuntza gisa begiratzen dugu! Orduan pentsa frantsesek nola begiratzen duten... ). Politikoan...
PEIO
2010-10-12
Eztakit zer ulertu duzuen baina, nik ez diot gauza bera ulertzen Mattin-i. Zuzenduko nauzue oker banaiz baina, proposatzen duena euskara eremu babestuak sortzea da, nun euskara oraindik baliatua den lekuetan are gehiago babestua izanen den, bere aldeko desoreka bermatuz, berari lehentasuna emanez.
Euskal hizkuntza erkidegoa zatitzea ez da on, bainan euskal herri euskaldunaren bidean eremu babestu horiek sortzea ez zait gaizki iruditzen...
Zentzu horretan, Kontseiluaren proposamena bada, zeinek herriak (Errepublika frantses santu eta betierekoaren kontra badoa ere) euskarari estatus ofiziala eta bere aldeko hizkuntza politika eraginkorra bideratzen erabakitzeko delibero eredugarria proposatzen duen: http://aurrekoa.kontseilua.org/zerberri.cfm?hizkuntza=0&atala=berria_erakutsi&id=581
Ez?
JOSEBA
2010-10-12
Ni ere, guztiz ados nago Peiorekin. Mattinek proposatzen duena euskararen berreskurapenaren bidean doa. Badakigu denok zein den gure egoera, eta horren arabera jokatu beharko dugu helburuak galdu gabe. Eta ez dut uste Mattinek euskaldunon helburuak ahantzi dituenik, ezta urrik eman ere.
Julen
2010-10-13
Egia errateko, eremuena ez nuen hola ulertu... ez nuen uste eremu geografiak zirenik baizik eta bizitzarenak (euskal eremu elebakarrak (“familian, elizan, merkatuan eta plazan”)....
Nahasi banaiz barkatu Mattin eta nire oharrak ez kontutan hartu!
















- 