Lege geriza ardiestea funtsezkoa ote ?
Mattin Bacho
Langues régionales-ak (1) 2008ko uztailean lehen aldikotz sartu dira Frantziako lege nagusian, konstituzioan. Ez dira ordea oraino Fransesa bezain : "la langue de la république est le français" lege nagusiaren 2. artikuluan kokatzen da, "les langues régionales font partie du patrimoine de la France" aldiz 75.ean. Legegileak bakotxaren lekua eta inportantzia argi eta garbi zehaztu du. Frantsesa podiumean eta beste guziak grupettoan urrun. Konstituzioko podiumean izaiteaz gain Frantsesak badu lege bat hau da 1994ean bozkatu "Toubon" legea. Beste mintzairentzat, ahulenentzat, legerik ez. Egalité bitxia.
Langues régionales-en babesteko eta garatzeko helburuarekin diputatu multzo batek egin azken lege proposamenak beste behin karrika egin du. Gobernuaren izenean Luc Chatel hezkuntza ministroak zatiezintasun (errepublikarena) eta berdintasun (herritarren artekoa ez mintzairen artekoa) printzipioak inarrosi ditu lege proposamena baztertzeko.
Bainan heldu den hilabete eta urteetan horretarako ahalmena dutenek hau da diputatuek (Gobernuak ere egin lezake), batzu tokian tokiko langues régionales-en sustatzaile nekaezinek bultzaturik beste batzu beren baitarik, behin eta berriz saiatuko dira. Aldekoek kontrakoek baino indar gehiago ukan arte. Lortu arte.
Lege gerizaren gaia aipatua delarik auziaren inportantzia zintzoki dudan ezartzen edo gutiesten duten bozak entzuten dira. Euskaradun eta euskaltzale batzuen erranetan ere sumatzen da halako duda bat : hain funtsezkoa dea lege geriza ardiestea gure mintzairaren eta beste hizkuntza ahulduen berreskuratzeko ? Irlandaren kasuak ez ote du frogatzen lege geriza ez dela erabakigarriena mintzaira ahuldua biziberritzeko ?
Galdera horier ihardesteko irudika dezagun zer-nolako aldaketak ekarriko zituzkeen azken lege proposamenak (2) legea bihurtu balitz. Huna -fikziozko- hainbat ondorio :
Irakaskuntzan. Euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren eskaintza Iparralde osoan orokortzeko eginbeharra, egungo egunean Ikastoletan bakarrik eskainia den murgiltze eredua ikastetxe publiko eta giristinoetan zabaltzeko parada, Unibertsitatean euskaraz ikasteko aukera bermatzeko betebeharra.
Hedabideetan. Irrati eta Telebista publikoetan euskarari toki esanguratsu bat segurtatzeko betebeharra, Euskara hutsez edo nagusiki euskaraz ariko den Irrati eta Telebista publiko bat sortzeko parada hala nahi duten lurralde elkargoer, euskaraz ari den prentsak frantsesezko prentsa idatziak errezibitzen duen adina laguntza eskura dezan bermatzea.
Administrazioetan eta lurralde elkargoetan. Seinaletika elebidunaren orokortzea bastiza publiko eta ia publikoetan. Euskara menperatzea abantaila gisa ofizialki ekarria izaitea langile bat hartzeko orduan. Euskara formakuntzak langileen formakuntza arruntetan txertatzea.
Eta gehi nezake agian lege geriza baten ekarpen inportanteena legea izaite hutsean datzala. Legea nahitaez bete bahar da eta gainera denek bete behar dute. Autoritateek, aldian aldiko eta tokian tokiko arduradunak euskararen etsai amorratuak izanik ere, gela elebidunak ideki beharko lituzkete lurralde osoan eta burasoek galdegiten balute murgiltze eredua ikastetxe publikoetan garatu beharko lukete. SNCF edo Postak euskarari tokia egin beharko liokete, arduradunek gustukoa ukan edo ez. Eta abar. Euskaltzaleek beren indar eta ahal guziak beste lan sail estrategikoetan bidera lezakete, “arnasgunegintzan” (3) konparazione.
(1) Erran gabe doa Esperantoa salbu lurreko hizkuntza guziak langues régionales-ak direla, Frantsesa barne.
(2) Bi lege proposamen pausatuak izan dira, bat Armand Jung diputatuak bultzaturik ( hemen ) bestea Marc Le Fur diputatuaren inguruan ( hemen ).
Hemen lege proposamen bakar gisa aipatua da nabardurak nabardura mamia berdina delako.
(3) http://www.tiraka.net/post/2009/09/08/mikel-zalbide-eta-arnasguneak
Komentarioak
Julen
2011-03-14
Aipatzen dituzun gai guztientzat (irakaskuntza, hedabideak, administrazioa...) legedi bat behar du euskarak, guztiz ados!
Aldiz, ez diot frantses parlamentuari nire hizkuntzarentzako legedi bat egitea utzi nahi, menpeko legedi bat egingo digutelako, hori denok dakigu! Bigarren hizkuntza gisa eta euskaldunok bigarren mailako herritar gisa tratatuak izango gira! Ziur, epe motz hala luzean gure hizkuntza desagertuko da, beti frantsesa nagusia izanen baita. Euskal Herriak du erabaki behar zein nolako lege eraginkorra behar duen euskarak. Askonahi izan behar gira! Bai euskararentzat, bai guretzat azkenean.
Gainera, ez dugu frantses parlamentuaren zain egon behar, gure herriko etxeetan hartzen ahal dira erabaki eragingarriak, adibidez, Perpinya-n katalana koofiziala da! http://www.eldebat.cat/cast/notices/2010/06/perpinya_hace_cooficial_el_catalan_33425.php
Ikusten duzuen bezala, Toubon legea eta 2. artikuluaren gainetik pasatzen ahal da...
Bestalde, Kontseiluak prestatu du Herriko etxeentzako eginiko Euskararen Erabilera Normalizatzeko Delibero bat. Biziki ongi egina da, herriak dituen euskaldunen kopuruaren arabera, euskarari lehentasuna ematen diona (estatu frantsesak, 2.artikulua eta toubon legearekin, eginen ez digutena.
Beraz existitzen diren tresnak baliatuz, herriatetik martxan eman ditzagun egiazko urratsak!
Askonahi izan behar gira, asko ukateko!
















- 