Lurramaren arrakasta laborari numbrearen apaltzearen seinale?
Mattin Bacho
Gure attetta amamen kontzientzia ekologikoa segur aski gurea baino eskasagoa zen alta bana beste eta pertsonaka guttiago kutsatzen zuten. Gure aitatxi eta amatxiren denboran aztarna ekologikoa, pertsona edo talde batek bere bizi-premiak asetzeko erabili lur azalera adierazten duenak, gurea baino ttipiagoa zen.
Adierazle horri esker badakigu munduko bizilagun guziek europarrok bezala kontsumitzen balute gure Lurra gisako 3 planeta beharrezkoak litaizkela. Ardura kontzientza hartzeak gehiegikerien ondorio zuzenak dira.
Lurramaren hirugarren edizio arrakastatsua
Lurramaren hirugarren edizioa beste behin ere arrakastatsua izan da. Milaka haurrendako, jokoen bidez edo kabalak hunkituz, laborantxa munduarekin lehen hartu eman bat ukaiteko parada izan da Xaho kaiako azoka. Funtsean heldu parrasta batendako ere BAB megalopolako herritar izanki.
Gure aitatxi eta amatxiren denboran ez dut uste mota holako azoka batek neurri hortako ardiespenik ukanen zuenez. Gehienek familiako norbait edo guttienez lagun bat zuten laborari. Ari naiz ea Lurramaren arrakasta eta laborari numbrearen etengabeko ttipitzea ez direnez lotuak.
2007an 10.000 laborari guttiago Frantzian
Nahiz xiferik ez ukan gure iparraldetxoarentzat -artetik erraiteko eskas horrek nahi ala ez orroitarazten digu guttienez azken 219 urteetan Iparraldea ofizialki ez dela existitu eta funtsean hola segitzen duela 2008an- badakigu hemen ere tendentzi orokorra bera dela, apaltzearen abiadura mantsoagoa izanik ere.
Alta laborari gehien gehienek zazpi eginahalak egin, egiten, eta eginen dituzte haien etxaldea xutik atxikitzeko. Xifreek nolazpait frogatzen dute bakotxaren nahikeri hori dudarik gabe ezinbestekoa dela baina orokorki ez dela nahikoa. Kontestuak zerikusi haundia du eta.
Aldeko kontesturik gabe laboraria hits
Duela bultta bat laborari batzuek konprenitu dutela bakotxa bere etxaldean egonez ez zirela urrun joanen, banakako aterabide soilek ez dituztela inorat eramanen. Konprenitu dutela ere kontsumitzaileek eta podere publikoek kontestua moldatzen dutela.
Kontsumitzaile -gure egun guziko erosketen bidez- eta herritar/zergapekook -zergek ze laborantxa politika diruztatzen duten axolatuz- laborarien kontestuarengan eragin haundia dugu. Lurraman gurutzatu ditugun laborarier aldeko kontestu bat eskaini behar diegu. BEREHALA.
Kolektiboki aldarrikatu etxalde heste gahiagorik ez dugula onartuko
Lehen urratsa litaike kolektiboki (erran nahi baita laborariak + kontsumitzaileak, herritar zergapekoak + podere publikoek) aldarrikatzea ez dugula gehiago etxalde hesterik onartuko ozenki. Noiz arte laborarien desagertze hori asumituko dugu ? Noiz, kolektiboki, GELDI, STOP erranen dugu ?
Modan den data baten hartzeko erran dezagun 2020an, hots 12 urteren buruan, laborarien kopurua berdintsu bat irrikatzea, nahi izaitea gure iparraldetxoarentzat ausartegia litaike ote ? 2020eko 15garren Lurrama igurikatu gabe, kolektiboki (laborariak, herritarrak, kontsumitzaileak, hautetsiak, teknikariak, administrazioak…) ez duguia xede, heburu hori argi eta garbi BEREHALA plazaratzen ahal ?
Ez litaike lehen urrats makala.
















