Norabide onean

Mattin Bacho

Argitaratua: 2009-09-10 17:41:22

Joan den uztailaren 4an Baxe Nafarroako 43 Herriko Etxeek (orotarat 70 dira), 2 Herri Elkargoek (orotarat 3 dira) eta 2 Mendi sindikatuek (orotarat 4 dira) euskararen presentzia eta erabilpena emendatzeko engaiamendua hartu dute. Euskal Konfederazioak urratu bidea jarraikiz Baxe Nafarroako Euskara Gidaritza Batzordeak (hiru Herri Elkargoetako 8 hautetsiez eta Euskararen Erakunde Publikoko 2 ordezkariez osatua) egin proposamenari baietz ihardetsi du beraz Baxenabarreko elkargoen gehiengo batek.

Testuingurua : legedi behargarririk gabe borondate onarekin kontent gelditu behar

Mamia xehekiago aipatu gabe bi hitz testuinguruaz azken horrek gauza ainitz baldintzatzen dituelako. Jadanik oroitarazi behar da egungo egunean (2009 urtean) eta hemen (Iparraldean eta beraz Baxe Nafarroan) Lurralde Elkargoetan (Collectivité Territoriale da balio juridikoa duen hitza) euskararen lekua eta erabilpena arautzen duen legediarik ez dela. Batzuek erraiten dute deretxoa une jakin bateko indar harremanen kodifikazioa hutsa dela. Egia bada mugimendu euskaltzaleak badu oraino bide egiteko.

Anartean tokian tokiko eta gaur egungo errealitatetik abiatuz bide bakarra zera dirudi : alde batetik euskararen presentzia eta erabilpena emendatzeko gogoa dutenekin lana berehala hasi eta bestalde gaineratekoen artean nahikari hori piztu besteak beste sentsibilizazio kanpaina batzuen bidez.

Borondatea eta bakarrik borondatea

Langile eta hautetsi euskaradunak dituen elkargo izenpetzailea euskararen presentzia eta erabilpena emendatzeko 10 neurri urratsez urrats obratzera engaiatzen da : elkargoaren irudi grafikoa (gutunazala, paperburua, tanpoia etabar..), kontseilarier edo ordezkarier zuzendu delibero guneko gomitak, estatu zibiliko agiriak (ezkontza, sortze, heriotzeekin zerikusia dutenak), afitxatua dena bai eta ere elkargoaren esku den seinaletika ele bitan jartzea, euskararen erabilpena segurtatzea bai herritarrer zuzendu idatzi guzietan bai hautetsiek hitza hartzen dutelarik publikoaren aitzinean, euskara « telefonoan sartzea » (erantzungailua ele bitan, « egun on » gehitu hartze esaldian), solaskideari jakinaraztea hartu-emana euskaraz egin daitekela eta hautetsi erreferente bat izendatzea neurri horien obratzea segitzeko.

Langile eta hautetsi euskaradunik ez duen elkargo izenpetzaileak aldiz 7 neurri obratzera engaiatzen da euskara bortxaz menperatu behar baita gain huntan zerrendatu 3 proposamenen gauzatzeko. Gainerateko neurriak haatik obragarriak dira elkargo izenpetzaileer eskainia zaien itzulpen zerbitzuari esker. Beraz erran daiteke zirt edo zart egiteko orduan langile edo/eta hautetsien euskara gaitasuna ez dela erabakigarria izan.

Obratze fasea


Hemendik goiti obratze fasea hasten da. Funtsezkoena dudarik gabe. Hitz emana urratsez urrats zinez obratzeko hautetsi erreferentearen rola garrantzitsua izanen da. Pausatuko diren problema teknikoer aterabide bat atxemanen beharko da, artetan inertziaren indarrak borrokatu beharko dira. Haatik neurri horiek obratu nahi dituzten lana ainitz errextua izanen da tokian tokiko herritarrek beren sustengua argi eta garbi plazaratzen badute.


Komentarioak

Komentarioa idatzi