Argindarra 2050ean

Mikel Susperregi

Argitaratua: 2010-01-19 11:48:33

Kopenhageko afera burukomin-sortzailearekin amaitu genuen 2009a, eta jadanik berotze globala guztiz ahantzi dugu, Europan urte hasieran izan dugun eguraldiarekin. Nor ardura daiteke orain berotze globalaz, elurrez leporaino izan berri garenean? Bapatean, berotze globala erakargarria dirudi.

Gure memoria kolektiboa oso epe laburrekoa da.

Dena dela, argindar eskaera areagotzen du honelako muturreko eguraldiak, eta gure sistemaren ahuleziak agerian geratzen dira. Duela bi aste, Erresuma Batuan gasa naturalako erreserbak ia agortu ziren, eta histeria mediatikoa ekiditeko gobernuak isilean mantendu zuen albistea. Hala ere laster agerian geratu zen, fabrikek gasaren horniketan mozketak izan baitzituzten. Adibide horrek erakusten digu ahulezi sakonak dituztela estatu garatuen energiako azpiegiturek eta horniketa sareek.

Azken hamarkadan argindarra sortzeko plangintza ez da nabarmen aldatu. Urteotan asko ikasi dugu berotze globalari buruz baina gure ezagutza ez da aldaketa dramatikoak bultzatzeko erabili. Argindarra sortzeko azpiegiturak oso berdintxoak jarraitzen dute: errekin fosilak erabiltzen jarraitzen dugu nagusiki, eta iturri berriztagarriak edo energia nuklearra portzentai oso behetan erabiltzen ditugu.

Gertatzea merezi zuen argindarra sortzeko azpiegituraren goitik beherako aldaketa ez da gauzatu. Eta plangintzaren ezean, ez da gauzatuko ere. Aurrera begira argi dago ezin ditugula hamarkadak igarotzen utzi, honelako garapen urriarekin. Noiz eta beranduago aldaketa hauek gauzatu eta berotze globalak garestiago kostatuko zaigu, bai giza eta bai azpiegitura kostuan.

Logistikoki, plangintzaren erronka nagusiak hiru dira: (1) argindar eskaera gorantz doa eta, garapenarekin batera, datozen hamarkadetan bikoiztu edo hirukoiztu daiteke; (2) azpiegituraren aldaketa sakonak egitea garestia da erabat, bereziki errekin fosilak orokorrean merkeak diren bitartean; (3) denbora gutxi dugu, kontuan hartuz zentral nuklear berriak edo energia berriztagarri iturriak eraikitzeko epe luzeko proiektuak antolatu behar direla.

Hiru erronka hauek nahiko sakonak eta oinairrizkoak dira, eta nazioarteko bazkidetza behar da plangintza egonkorra sortzeko. Hortarako estrategia ongi pentsatu behar da, eta zentzu batean pozgarria da Kopenhageko goi-bilerak porrok egin zuela; ez zitekeen onargarria izango presaka akordio merke eta baliogabe bat adostu izan bazen. Epe luzeko energia plangintzak zerbait hobea merezi du, behar den denborarekin zuzenki prestatua.

Aipatutako hiru arazo hauetatik kuriosoena bigarrena da. Azken finean, estatu garatuek badute beren sistema propioa nahi dutenean «azken baliabide» moduko «larrialde» dirua sortzeko. Sistema honi inprentako makinak deitzen zaie, dirua inprimatzeko makina magikoak. Munduko banku zentral guztiek erabiltzen dute mekanismoa, batez ere beren zorrak ordaintzeko edo gerrak finantzatzeko.

Zentzu batean, diru berri horren balioa hutsuneatik sortzen da, baina errealitatean zirkulazioan dauden beste paperezko diruatik irabazten du balioa. Hau da, azken finean monetaren balioa gutxitzen da zirkulazioan dagoen diru kopurua gehitzen denean (eta diru merkatuetan ahultzen da) eta inflazioa sortzen da.

Beraz, banketxean dituzun aurrezkiek balioa galtzen dute diru berria sortzen den bakoitzean (eta zorrak, mailegoak bezala, gutxitzen dira balioan – hori da ondorio on bakarra). Hori eginez, banku zentralek legezko lapurketa egiten dute, edo beste hitzetan esanda, aurrezkiak dituzten biztanleengan ez-ohizko zerga ipintzen dute.

AEBko Federal Reservek, edo FED deritzaionak, Bank of England, Europear Banku zentralak, denok egiten dute «egunargiko legezko lapurketa» hori, urrezko estandarra baztertu zutenez geroztik; ondorioz, denbora igaro ahala beren moneten balioa beherantz egiten du urtero.

Dolarraren kasua berezia da. FEDek dirua inprimatzen duen bakoitzean dolarra ahultzen da eta balio galera horren bidez munduan zehar denok ordaintzen ditugu amerikarren zorrak. Are eta gehiago dolarretan erreserba handiak dituzten herriek, bereziki Txina eta errekin fosileko ekonomiak.

Eta nora noa diru kontu honekin?

Esan nahi dudana da berotze globalaren larrialdiak ez duela gobernuen agendetan merezi duen lehentasun maila irabazi. Argi dago gerrak eta estatu zorrak beste maila batean direla. Hauek diru inprimatu berria jasotzen dute, behar bezainbat. Beti badago dirua gerrak ordaintzeko –inor ez da galdetzen nondik sortzen den hain azkar eta mardul- badirudi iturri amaigabe batetik sortzen dela.

Gauza zoragarria izango litzateke estatu garatuek energia plangintza modu berean tratatuko balute. Inprimatu berriko dolar/euro/libra amaigabeak argindar garbia sortzeko... Inoiz horrelakorik egiten badugu, berotze globalaren konponbidea bertan izango dugu.

mikel@carbonica.org


Komentarioak

Komentarioa idatzi