Ikatza garbiaren fikzioa
Mikel Susperregi
Berotze globala gutxitzeko erronka handiena da argindarra modu garbian sortzea, karbono dioxido (CO2) isuriak ahal den neurrian moztuz. Elektrizitatea sortzeko errekin fosilak erretzen ditugunean (ikatza, gasa edo petrolioa) CO2 isurtzen dugu atmosferan. Honek berotze globala sortzen du eta itsasoen azidifikazioa.
Munduan 7.500 miloi tona CO2 isurtzen ditugu atmosferan urtero. Hau da gure planetak modu orekatuan jasan dezakenaren bikoitza. Azken hamarkadan %25ean igo dira emisioak eta gorantz doaz. Hauek murrizteko, elektrizitatea sortzeko prozesuan isurtzen den CO2a xurgatzen duen mekanismo baten premia dugu.
Prozesu honi CSS deitzen zaio (Carbon Capture and Storage) – hau da, karbonoa zurgatu egiten da ikatza erretzeko prozesuan eta ondoren lurrazpiko petrolio edo gas boltsa hutseetan gordetzen dira CO2 isuriak). Ideiaren printzipioa oso sinplea da. Honela, errekin fosilek elektrizitatea modu “garbian” sor dezakete, edo behintzat CO2 isuriak %80 edo %90ean murriztuz.
CSS-rekin ikatza erretzen denean “ikatza garbia” dela esaten da. Terminologia bitxia eta kontraesanakoa da hau: denok dakigu ikatza zikina dela, eta ingurunearentzat erabat toxikoa. Beraz, galdera da, zergatik ez ditugu behin-betiko errekin fosilak alde batera uzten eta argindarra energia nuklearratik sortu, eta haize, Eguzki eta itsas indarretik?
Honi eginez gero, CO2 isuriak dramatikoki moztuko genituzke.
Arazoa da ikatza eta gasa merkeak direla eta kopuru handietan ditugula gure planetan. Munduan mende oso batean zehar argindarra sortzeko bezainbat ikatz badago. Gasa ere kantitate handietan bada, eta ikatza baino garbiagoa izanez gain modu likidoan exportatu daiteke. Txinak eta Indiak kantitate handietan dute ikatza eta erabiltzeko asmoa daukate. Azken finean beren ekonomiak garatzen ari dira eta argindar iturri merkeak behar dituzte. Txina egun CO2 gehien isurtzen duen herria da, baina ingurunea ez da bere prioritate nagusia.
Noski ezin ditugu errekin fosilak etengabe erretzen jarraitu. Jadanik, berotze globalaren ondorioak dramatikoak izango dira mende honetan. Ia zihurtasun guztiz mendea amaitu baino lehen bi edo hiru gradoko berotze globala ekiditzea gure eskuz kanpo izango da. Hortik aurrera egoera larriagoa bihurtuko da.
Beraz, errekin fosilak baztertzeko asmorik ez denez, badirudi CSS ideia ona dela. Teorian behintzat, eta zoragarria izango litzateke horren erraza balitz. Ordean, CSS momentuan epe esperimentalean dago eta munduan zehar komertzialki erabili baino lehen ikerketako hamar-bat urte beharko dira. Teknikoki eta teorikoki badakigu CO2 zurgatu daitekela kantitate handietan ikatza edo gasa erretzeko prozesuan. Nabardura teknikoak gauzatu ditugu eta egun munduan hiru lekutan CSS teknologia erabiltzen dituzten prototipoak dira.
Momentuz arazo larriak izan dira alderdi teknikoan baina espero da gaindituko direla. Alemanian eta Holandan, CSS “ikatza garbiko” zentralek ezin izan dute CO2 isuriak lur azpian gorde, bertako biztanleek segurtasun kezkak ahozkatu dituztelako (batez ere teknologia berriek beti kezkak pizten dituztelako) eta ondorioz operazioaren arduradunek ezin izan dute lizentziarik lortu.
Nire eritzia ordean da kontraesan sakon bat izan dezakeela CSS kontzeptuak bere erroan eta honek erabat baliogabetu dezake. Zergatik izan daiteke ikatza edo gasa garbia fizkioa bat edo amets zentzugabea? Arrazoia azken finean ez da teknikoa izango (arazo teknikoak gaindituko dira denborarekin) baina ekonomikoa. Errekin fosilak erabiltzen jarraitzeko arrazoi bakarra ekonomikoa da: ikatza, gasa eta petrolioaren herri jabeek ondasun horiek kapitalizatu nahi dituzte eta herri kontsumitzaileek argindarra merkea sortu nahi dute. Ordean, jakina da CSS teknologiak argindarra %80tik %100ra garestituko duela, beraz printzipioko logika kolokan ipintzen da. Arrazoi bakar hori izan daiteke bere “raison d’ętre”ren hasiera eta amaiera.
Horri gehitzen badiogu CO2 gordetzea ez dela operazio amaigabea, eta leku esberdinak aurkitu behar direla, orduan teknologiaren kostua igotzen da eta baliteke konplexitate guztiak kontuan hartuz argindarraren benetako kostua bikoitza edo hirukoitza izatea.
Gauzak horrela, erokeria da gure itxaropen guztiak CSSn ipintzea. Datorren hamarkadan, CSS teknologia erabilpen komertzialarako prestatzen den bitartean, ez baditugu beste proiektuak bultzatzen denbora baliogarria galduko dugu. Argindarraren CO2 isuriak mozteko errola garrantzitsua jokatu dezakete energia nuklearrak eta berriztagarriek orokorrean, eta buru belarri murgildu beharko ginateke teknologia hauek bultzatzen. Litekeena delako CSSk prometitzen duen miraria ez dela gauzatuko.
( Mikel Susperregi 1968an sortu zen Hondarribian eta fisika teorikoa ikasi zuen Londoneko Imperial Collegen. 1995ean doktoradutza lortu zuen Oxfordeko unibertsitatean eta post-doktoradutzako reseach fellow delakoa Bostoneko Tufts Unibertsitatean eta Londoneko Queen Mary Collegen. KAZETA.INFOren zutabegile gonbidatu berriak ikerketako egonaldiak egin ditu Harvaden, Princeton, Tokioko Waseda unibertsitatean, UPV-UEUn eta Londoneko UCL collegen. 2002.ean Londoneko Physics Commissioneko editorea bilakatu zen eta 2005.ean berotze globalari buruzko ikertzaile nagusia Physics Commissionen. 2008.ean Carbonica egitasmoa sortu eta bere zuzendari nagusia da orain arte. mikel@carbonica.org )
















