Kopenageko diru kontuak

Mikel Susperregi

Argitaratua: 2009-12-07 19:09:53

Kopenageko goi-bileran ezbaidatuko diren gaia gehienak erroan diru kontuekin lotuak dira. Onean hori esatea zinikoa da, baina argi dago karbonoko isuriekin lotuta diren arazo guztiak azken finean diruarekin konpondu daitezkela. Gakoa da diru hori nondik sortuko den.

Diru kontu hauek sakonean ez dira konplexuak: 500.000 miloi dolar inguru behar dira urtero, eta hori izanez gero Kopenageneko akordioa izango dugu. Galdera da, nork ordaindu dezake dirutza hori?

Mendebaldeko estatu aberatsenek dirutza hori baino gehiago gastatu zuten iaz banketxe eta finantza erakundeei epe-labur eta luzeko mailegoak emanez, kreditu krisiari aurre egiteko. Baina ahalegin hura oso ezohizkoa izan zen (eta ez urteroko gastua), eta ondorioz estatu aberatsek zor handiak hartu dituzte (nagusiki finantza industria handia duten estatuek, hots: Erresuma Batua, AEB eta Japonia).

Lehendabizi ezbaida dezagun zergatik behar dugun dirutza hori eta zertarako erabiliko den.

Kioto protokoloaren arabera, hirugarren munduko estatuek (Txina eta India barne – edo esan dezagun, bereziki) ez zituzten CO2 isuriak murriztu behar. Ulertzen zen orduan beren egiturak sortu behar dituztela garapena egonkorra gauzatzeko eta horrek CO2 isuriak dakar berekin batean, batez ere energia sortzeko egiturak direla-eta (normalean merkeagoa da energia modu zikinean sortzea).

Azken finean, mendebaldean CO2 isuriak kopuru erraldoietan sortu ditugu azken mendean zehar, iraultza industrialaz geroztik, eta berotze globalaren arduraren parte osoa dugu.

Oraingo egoerak beste akordio bat behar du, Kiotori jarraitzeko, eta berotze globalari aurre egiteko isuriak dramatikoki moztu behar dira, inoiz ez bezala. Beharrezkoa da saihakera honetan hirugarren munduko estatuak ere partaideak hartzea. Indiak jadanik adierazi du Kioto bezala jarraitzea nahiago duela, berak ez duelako iraganeko isurien ardura eta bere iduriz berotze globalaren kostua sortu dutenek ordaindu beharko lukete.

Dirutza hau laburrean esanda "teknologiako transferentzia" egiteko behar da, India eta Txina energia modu zikinean sortzetik atera daitezen. Diru hau haize, ur eta Eguzki energia, eta bestelako karbono isurketak murrizten dituzten proiektuetan erabiliko da. Gaur egun Txinak 6.000 miloi CO2 tona isurtzen ditu urtero, gehienbat ikaza erretzeko prozesuaren bidez. Txinaren ekonomia aldatzea eta karbono-gutxiko teknologiak adaptatzea garestia izango da.

Diru kopuruaren inguruan ezadostasun sakonak badira. Indiak aurreratu du bere eritziz 500.000 miloi dolar behar direla urtero (diru honen partea ohian tropikalak babesteko ere erabiliko da, Brasil eta Indonesia izango direlarik diru laguntza mardulenak jasoko dituzten estatuak). AEB eta Europear Batasunak ordean diote 50.000 miloi dolar lortu daitezkela urtero 2015 arte, eta handik aurrera aurrekontuak gorantz egin dezake 100.000 miloi dolar jo arte 2025an.

Aurreikusi daiteke konponbidea ez dela erraza izango, eskatzen den kopurua eta eskeintzen denaren tartea hain zabala denez. Gainera, estatu "aberatsak" ez dira uste bezain aberatsak: kredituko krisia dela-eta, eta merkatu balantze defizita-eta zorrez gainezka dira; alderantziz, Txinaren merkataritza balantzea oso positiboa da: 300.000 miloi dolar uztartzen ditu urtero (AEBri exportatzen). Beraz, zalantzarik gabe Txinaren egoera ekonomikoa dela-eta, mendebaldeko estatuengandik presio ekonomikoa pixkat altxatu beharko zen goi-bileran.

Klima bilerak bi aste iraungo du, eta bertan milaka ordezkari izango dira, batzuek estatu buruak, ordezkariak, politikariak, eta negozio errepresentanteak, eta bestalde kazetariak, ingurune aktibistak (batzuek neurrikoak eta besteak fanatikoak, baina denak protagonismoa bila), eta hainbesteko kakofonia zaratatsuatik esanguratsu den gutxi irtengo da edo arazo gutxi konponduko dira. Benetazko Kopenageko bilera ate itxien atzean gertatuko da.

Estatu aberatsen ordezkariek ezbaidatuko dute Txina eta Indiarekin nork ordainduko duen benetazko kostuak eta adostuko den testua erabakiko da (edo ez da erabakiko); puntu hortara iristen badira eta sinatu daitekeen ezer adosten badute goi-bilera osoari aurkeztuko diete eta besterik gabe akordioa onartuko da.

Diru kontuak tartean direnean, sarritan hitz gutxi aski da.

( Mikel Susperregi 1968an sortu zen Hondarribian eta fisika teorikoa ikasi zuen Londoneko Imperial Collegen. 1995ean doktoradutza lortu zuen Oxfordeko unibertsitatean eta post-doktoradutzako reseach fellow delakoa Bostoneko Tufts Unibertsitatean eta Londoneko Queen Mary Collegen. KAZETA.INFOren zutabegile gonbidatu berriak ikerketako egonaldiak egin ditu Harvaden, Princeton, Tokioko Waseda unibertsitatean, UPV-UEUn eta Londoneko UCL collegen. 2002.ean Londoneko Physics Commissioneko editorea bilakatu zen eta 2005.ean berotze globalari buruzko ikertzaile nagusia Physics Commissionen. 2008.ean Carbonica egitasmoa sortu eta bere zuzendari nagusia da orain arte. mikel@carbonica.org )


Komentarioak

Komentarioa idatzi