Kopenagerako bidean

Mikel Susperregi

Argitaratua: 2009-11-02 16:21:28

2009 urtean berotze globalak indarra irabazi du albiste bezala, jendea mentalizatzen hasi da –kezka bezala “estatusa globala” irabazi du– eta kezka horrekin ere bukatuko dugu urtea. Abenduan nazioarteko ingurune ministroek Kopenagen daukate hitzordua, eta bertan gertatuko dena (edo ez dena) irrika handiz jarraituko da munduan zehar.

2012.an amaitzen da Kioto akordioa eta Kopenagen adostuko dira hortik aurrerako helburuak eta berotze globalari aurre egiteko neurriak. Kiotok esaten duena da orokorrean CO2 eta negutegi gasen isuriak gutxitzea dela helburua, baina zenbaki konkretuak ez ditu ezartzen. Kopenagen ordean neurri drastikoagoak dira beharrezkoak, eta CO2 isurien murrizketa dramatikoak.

Errealistikoki ze neurrian izan gaitezen dramatikoak, hori beste galdera da, bereziki nazioarteko akordioa izango denez, eta nazio bakoitzaren ekonomiak, CO2 isuriak eta interesak hain ezberdinak direnez. Bakoitzak berea zaintzen ohi du.

Urtearen hasieran Kopenageko bilera urrun zirudien, eta Kopenage aipatu bakoitzean itxaropentsu egiten genuen, pentsatzen berotze globalari sekulako konponbidea emango dion egutegia sortzeko gai izango garela. Orain, data hurbiltzen den arabera, urduritzen hasi dira politikariak. Errealitateari aurpegian begiratzeko garaia da. Hilabete bete besterik ez da geratzen eta badirudi klimaren antzera ezbaidaren tonoa ere berotzen doala eta posibilitateak are eta urriagoak.

Ezadostasunak nabariak dira. Europak eta Japoniak CO2 isurien murrizketa agresiboak nahi dituzte. Batez besteko %50 murrizketak lortu nahi dituzte 2050 urterako, 1990.eko isuriekin konparatuz. Erresuma Batuak bere inguruneko lege propioaren bidez %80ko murriztetak burutzera behartua dago.

Kanadako ingurune ministroak Jim Prenticek dioenez Kopenageko bileran akordiorik lortzeko itxaropena urria da. Bere eritziz Kanadak ezin du Europa eta Japonia hainbateko isuri murrizketak izan, bere populazioa azkar hazten ari delako eta bere azpiegitura industrialak energiaren erabilera intentsiboa behar duelako. Esan daiteke iraganean bezala jarraitzea dela beren asmoa: hori bakoitzaren aukera.

Txina eta Indiak ere dagoeneko ezadostasunak erakutsi dituzte eta nahiz eta printzipioz beren asmoak onak izan, argi adierazi dute azpiegiturak garatzea dela beren prioritatea eta energia asko behar dute hortarako. CO2 isuriak gorantz egingo dute bi herriotan datorren bi hamarkadetan, gutxienez, eta ez da pentsatzen Txinan 2030 baino lehenago isuriak murrizten hastea.

Azken finean CO2 isurien arazoa energiaren eskasiaren arazoa da. Energia (argi-indarra) modu merkean sortzea gauza zikina da ingurunearentzat.

Txina, India eta garatzen ari diren herri orok beren prioritate ekonomikoak zaintzen ari dira, eta beste arazo guztiak bigarren mailakoak dira. Horrek ez du esan nahi ez dutela berotze globala arazo larria bezala ulertzen. Oso ongi ulertzen dute, baina konponbidea besteen ardura dela uste dute: azken finean iraganeko isuriek sortu dute oraingo arazoa, eta horren errudun nagusiak dira iragan industrialeko mendebaldeko herri guztiak, nagusiki Europa, Estatu Batuak eta Japonia.

Beraz, “guri hitzaldiak ematera ez etorri” esaten digute Txinatarrek.

Eta sentzu batean arrazoia dute. Baina bestalde, beren oraingo isuriek etorkizunean berotze globala areagotuko dute. Beraz, denon errespontsabilitatea da arazo hau, eta hemen ez dira aingerurik: denok dugu neurri batean erru zatia.

Nazioarteko bilera hauetatik sortzen dena sarritan aldiz aurretik adostua da. Dagoeneko ingurune ministroek bilera ezohizkoak eta informalak izan dituzte Kopenageko bilera prestatzeko, eta argi dago han ez direla ezhusteak izango. Borgias etxearen antzeko “plotting” eta azpi-joko guztiak bilera baino lehen izango dira. Bileran aldiz aurretik bakoitzak badaki besteak zer esango duen.

Horregatik nire susmoa da Kopenagen ez dela akordi baliogarririk lortuko. Amerikar presidenteak esan du Kopenagen ez dela egongo, bilera “mota” hauek ministrarien goi-bilerak direlako, ez estatu buru mailakoak. Hori esatea gauza bitxia da. Barkatu, Obama jauna: inork ez luke nahi zuk denbora alferrik galtzea Kopenageneko garrantzi gabeko bilera horretan.. ze okurrentzia.. azken finean berotze globala bezain bigarren edo hirugarren mailako arazo horrekin zergatik minutu bat ere galdu. Mesedez.

Hori esatea esanguratsua da. Akordiorik ez da espero.


Komentarioak

Komentarioa idatzi