Kotxe elektrikoak eta aire garbia berrezagutzea
Mikel Susperregi
Hiri handietan bizi garenok badakigu erraza dela ohitura txarretan erortzea, eta hirietan denbora gehiegi igarotzen dugu. Laster ahantzi egiten gara aire garbiak nola usaintzen duen, eta urtean behin leku bakarti bateko mendietara ibiltzera joaten garenean (edo nire kasuan, hamar urtean behin), jabetzen gara munduan nonbait badagoela oxigenuz beteriko aire goxoa, eta sakon arnas egiteko plazerra berrezagutzen dugu.
Teorian eta praktikan plazer hori ez luke hirietatik hain urrun izan behar. Egungo aroan trafikoak edonon inguratzen gaitu, herri handi eta txikietan, eta airean hautsa, negutegi gasak eta guretzat erabat toxikoak diren hainbat gas hedatzen dira. Garraioa beharrezkoa denez, ondorio hauek onartzen ditugu bestelako egoerarik ezinezkoa izango balitz bezala. Victoriaren garaiako Londresen hiritarrek ikatzaren kiratsarekin bizitzea onartzen zuten bezala, inertzia bitxi baten bidez, ohiturarekin onartezina izan beharko lukeena onartzen dugu.
Iaz izan nuen nik kotxeei buruzko epifania dramatikoa. Ordurarte kutxatzaile profesionala modura, ibiltzen nintzen leku batetik bestera nire kotxe deportiboarekin, garraio publikoari beti muzin eginez (hortarako arrazoi onak badira: Londreseko metroan, alboan esertzen dena edo gripearekin jota da edo hanburgesa jateari egiten dio). Dena dela, behin, aparkaturik zegoela txokea, Fittipaldi sinpatiko batek sekulako astindua eman zion laur-gurpilko gailu kuttunari eta hor ezagutu zuen bere amaiera nire deportibo maiteak.
Nire anaiak garai hartan esaten zidan barregarria zela Carbonica-ren lehendakaria izatea eta denbora berean fariseo hipokrita modura nire deportibo kutxatzailea gidatzea eta abar. Arrazoi apur bat zuela iruditzen zitzaidan, baina kotxeak miloika ikusten ditugunean errepideetan, zaila da pentsatzea norberaren bizimodu aldaketak eraginik izango duela.
Hala ere, istripuaren ondorioz bazidurien momentua primerazkoa zela kotxearen aukera egokiagoa egiteko. Eta horrela erabaki nuen kotxe elektrikoa erostea. Hasieran esperimentu bat bezala izan zen. G-Wiz txikia, bi egunean behin bateria errekargatzea behar duena, nire deportiboaren aldean beltza txuriaren bezain antzekoa, oinetako kutxa bezain aerodinamikoa, bazidurien hasieratik sekulako erabaki okerra. Bere abiadura azkarrena 60 kilometro ordukoa da, eta aldapa gora gidatzean (erosketak eta guzti) 20 kilometro orduko baino gehiago egitea guztiz ezinezkoa da. Bateria betearekin 70 kilometro egin dezake, beraz hiribarnean ibiltzeko primeran, baina autopistak edo Londresetik kanpo gidatzea hori iraganeko gauza da.
Hasiera batean esperimentua nahiko idiosinkratikoa zirudien. Baina denbora igaro ahala, konturatzen naiz ez dudala nahi beste kotxe motarik. Horren poliki gidatzea zaila egiten zait eta nostalgiarekin datorzkit gogora iraganeko abiadura handiko irteerak (semaforo gorri gehiegi saltatuak barne), eta udan kapota jeitsita aizearen ukitu goxoarekin errepideetan abiadura (eta adrenalina) dastatuz. Oraina: 30 kilometro ordukoa batezbestean, mundu diferente bat.
Esan bezala, ez nuke aldatuko. Erabat atsegina da ikustea nire kotxeak ez duela hiri zoragarri honi kalterik egiten, eta ez dituela gas toxikoak hedatzen hiritarren osasuna kaltetuz eta bizi luzera moztuz. Benetan harritzen naiz ikusten dudanean errepideetan nire aurrean, atzean eta alboetan edonon gas mardulak eta kiratsatsuak hedatzen dituzten kotxeak, eta nire buruari galdetzen diot: zergatik onartzen dugu hau?
Teknologikoki kotxe elektrikoak ez dira beste munduko gauza. Gizadiak gauza zailagoak gauzatu ditu. Egungo egoera ez da zailtasun ekonomikoak edo teknologikoak sortutakoa: errekin fosilen industriak denbora luzez geldiarazi du kotxe elektrikoaren garapena, beren dirutza iturriarentzat mehatxu zuzena delako. Horri amaiera emateko garaia da: kotxe elektrikoa etorkizunerako bide zuzena da berotze globalari aurre egiteko eta denbora berean gure hirien edertasuna eta ingurune osasuntsua berreskuratzeko.
Kotxe industrian jadanik lurrikara hau sentiarazi da. Kotxe elektrikoko diseinu berriak plangintzako fasean dira marka nagusi guztietan. Nissan datorren urtean “Leaf” modeloa plazaratuko du eta merkatu zabalari eskeinitako lehenengoa izango da.
Beraz etorkizunean idiosinkratikoa izateatik arrunta izatera bihurtuko da kotxe elektrikoa, eta aukera gehiago izango da estiloari dakokionez, diseinu, tamainua eta abarko guzti horiek.
Eta niri dagokionez, abiaduraren asuntua... konponduko al da, edo aspergarria bihurtu naiz? (Lehengo galderari bai, bigarrenari ez).
Nire amets partikularra Tesla kotxea da, Porschea baino azkarragoa, Kalifornian egiten den deportibo elektriko bakarra (oraino bakarrik 200 egin dira); pixkanaka aurreztu eta onean bi urte barru..
( Idazlearen helbide elektronikoa: mikel@carbonica.org )
















