Krakatoa eta sumendien eragina
Mikel Susperregi
Egunotan ezagutu dugu Islandia urrunean dagoen Eyjafjallajokull sumendiak gure bizietan izan dezaken eragin zuzena. Europan ez dugu azken mendean sumendiekin arazo larririk izan, eta beraz esperientzia falta zaigu. Azken astean zehar ipar Europan aire trafikoa guztiz eten egin denez, sekulako arazoak sortu dira jendearen garraio plangintzarekin eta horniketa sareek ere zailatasunak izan dituzte. Dena dela, gure mundua ez da amaitu.
Eyjafjallajokull errelatiboki sumendi txikia da. Aste batean materialezko 140 metro kubiko hedatu ditu atmosferan, gehienbat hautsa. Hori hautsa asko baldin bada ere, historian zehar adibide dramatikoago ugari izan ditugu. 1991.ean Filipinaseko Pinatubo sumendiak 10 kilometro kubiko material isuri zituen airean, hots, oraingoan baino hamar aldiz gehiago. Dena dela, Eyjafjallajokull sumendiak azken aldian bi urtez jarraitu zuen hautsa eta gasak atmosferan isurtzen, eta litekeena da oraingoan ere horrela jarraitzea.
Hogeigarren mendeko bigarren sumendi eztanda bizkorrena izan zen Pinatuborena, eta munduko tenperatura globala 0,5 C jeitxi zuen ondorioz. Sumendiek klimarengan efektu bitxia dute: hoztutze globala sortzen dute. Hedatzen dituzten partikulak “aerosolak” deitzen dira, hauts partikula mikroskopikoak, eta Eguzki izpiak espazioratzen dute. Beraz, CO2-ren alderantzizko efektua dute.
Zoritzarrez, goi-atmosferan urte gutxi irauten dute aerosolek, CO2 ez bezala, eta beren efektua laster amaitzen da. Bestela giza berotze globala konpentsatzeko irtenbide primerazkoa izango zitekeen.
Sumendiek ez dute CO2 asko hedatzen, sarritan kontrakoa esaten bada ere. Islandiako sumendiaren kasuan, kantzelatu diren hegaldiak baino CO2 gutxiago hedatu du sumendiak. Beraz gizakien eraginaren aldean sumendiak ez dira berotze globalaren sortzaileak, alderantziz baizik.
Historian zehar sumendi eztanda dramatiko asko izan dira, aire garraioko aroa baino aurretik. Indonesiako Kratatoa sumendiak 1883.an eztanda egin zuen, eta onean ezagunena da, garai hartan telegrafoa asmatu zenez eta honi buruzko informazio ugari hedatu zen. Krakatoak inguruko irla guztiz txikitu zuen eta milaka lagun hil ziren bertan.
Krakatoarena ordean ez da izan hemeretzigarren mendeko sumendi eztanda larriena. 68 urte lehenago, Indonesia bertan, beste sumendi erraldoi batek eztanda egin zuen. Hau da Tambora izenekoa, historian ezagutzen dugun eztanda bortitzena. Orduan 50 kilometro kubiko material hedatu omen ziren atmosferan, eta ondorioz munduko tenperatura 0,7C gradu jeitxi zen.
Tamborak sortu zuen hauts eta gasezko hodei erraldoia munduan zehar hedatu zen, eta Europan 1816 urtea “uda gabeko urtea” zela esaten zen. Urte hartan zen eguraldi goibelaren inspirazioarekin Mary Shelleyk Frankenstein idatzi zuen Genevan. Ez naiz harritzen. Aire garraioko garaian gertatu balitz oraingo egoeraren aldean larritasun ugari izango genituzke.
Gure planetako historian beste “super-sumendi” eztandak ere izan dira. Adibidez, duela 650.000 urte egin zuen eztanda AEBko Yellowstone sumendiak. Ez dakigu zehazki nolako hoztutze globala sortu zuen eztanda horrek, baina honelako kasuak larriagoak dira gizakien biziarentzat mehatxu zuzena direlako.
mikel@carbonica.org
















