A
Xipri Arbeldide
A ! Nork erranen zuen hizki xoil batek horrelako indarra izan zezakeenik. "A"xoil batek munduko ekonomia kilikolo eman dezake beraz. Munduko handienak inarrosi ditu ! Bainan nork dauka eskutan delako "A" hori ? Nondik daukate horrelako boterea? Zein huteskundeetan emana diegu? Ala berek diote beren buruari emana ? Nor dira azpiz lanean ari diren mamu horiek?
Lehmnan Brothers bankoak mundu osoa peko errekara eraman behar zuen kiebra famatu haren bezperan deuseri ez ziren ohartuak. AAA emana zieten "Hedge funds" delakoei. "Subprime" arazoak sortu zituzten CDO plazamenduei ere bai. Hiruek ! Ez da huts ttipia horrelako pettoa ! Eta Grezia Europan sartu zelarik, ez ote zegoen bere AAArekin ? Enron sozietateak Ameriketan kiebra egin baino 4 egun lehenago, hiru agentziek AAA nota emana zioten ! Eta horietan sinesten. Begiak hetsirik! Ez dira gora gure herriaren geroa eskutan daukaten gizonak !
Gauza kuriosa, hiru agentzia baitira, bik AAA ematen diete oraino Frantziari eta beste zenbaiti, bainan A bat kendu dion bakar hark du arrazoin itxura guzien arabera. Bat bigari nagusi. Horretarik ageri da sistima horrek deus ikustekorik ez duela demokraziarekin.
Beste gauza batek ere harritzen nau : haurra nintzelarik notak ematen zizkigun errientak. Gorena 20 zen. Ez genuen diferentziarik egiten 20 eta 19ren artean, oso bekan baizik ez baigenuen ukaiten horrelakorik. Biak berdin arraroak izanen, biak berdin estimatzen. Moda berriko agentziekin aldiz pundu bakar bat galtzen duzularik, peko errekara eroria zara. Errientak bostez petik ematen zigularik bezala.
Beraz ez dut konfidantza izpirik delako agentzietan. Gainera batere ez dut horien beharrik biziki kinka larrian garela ikusteko. Denek bezala badakit urtetik urterat gure zorra handituz doala. Badakit urte bakoitz, bere zorraren interesa pagatzeko, 50 miliar atera behar dituela nonbaitik Frantziak. Bai 50 miliar ! Badakit haur bat sortzen den egunean berean, 22.000 euroko zorrarekin sortzen dela. Badakit noizbait norbaitek beharko duela zor hori pagatu. Nik hori baldin badakit, nolaz ez Sarkozi eta honen beretterrek ? Gure deputatuek eta hautetsiek ? Agentzien beharretan dira ?
Herri ttipienean egiten dira trinketa, ezkerpareta, pilota plaza, gaztetxe, ingurugia, bazterbide edo trottoir, eskola berri , herriko exte berri eta zer ez oraino ! Nork pagaturik ? Estrena egunean lasaitzen dira denak: estadoak eman du % 10, Akitaniak %20, departameduak %30. %40 baizik ez da gelditzen herriarentzat. Bainan %40 hori pagatzeko dirua mailegatzen, eta maileguaren interesa ere eman behark. Guk. Eta delako Estadoaren opari hura, Akitania eta departamedukoa ? Nork pagatzen ditu ? Ez ote guk, haiek ere, gure zergen bidez ? Guk ! Beren interesekin haiek ere. Egiten ez baditugu, gure haurrek egin beharko ! Delako laguntzak beraz, begietako errautsa baizik ez dira. Eta nolaz ez aipa, AHT, autobide eta gaineratikoentzat egiten diren mailegu izigarriak !
Ez ! ez dugu Moody’s, Standard & Poor’s edo Fitchen beharrik. Begiak tinkatuz hesten ez dituenak ikusten du zorrek itoak garela eta zor horiek noizbait pagatu behar direla. Iduriz egun hori etorri da. Gure ahalak baino gorago, biziki gorago, goxoan bizitzeko ohidura galtzeko tenorea etorria zaikula aitortu behar dugu. Oihanburuko Manez etxetiarra ez zen behin ere entseatu, sakelak dolarrez beterik Nevadatik itzulia zen Jauregiko Laurendi Amerikanoaren mailean bizitzera. Gu bai ! Aski dugu dirua bankoan mailegatzea !
Hozgailu lantegia eraikitzeko, Izotz sozietateak dirua mailegatu du. Interesean. Azken modako Izotz hozgailua erosteko, Laurendiren semeak dirua mailegatu du. Intresean. Interesa pagatzeko tenorea etorri baita egun batez ! Bai eta kapitala itzultzekoa ! Eta zuzen orduan eman azken hatsa lehen hozgailu hark! Egundainokotan mailegua egin behar, berria erosteko ! Horretan dago, garapenean oinarritu gure gizartea. Beti eta gehiago erosi, beti eta gehiago mailegatuz, ipuineko igelak bezala, zapart egin arte.
















