Garratoina eta gasna

Xipri Arbeldide

Argitaratua: 2012-01-13 12:10:55

Biziki arina zitzaidan ezkontza hori. Alde batetik ELBko laborariak, garapen iraunkorreko militanteak, lurrari errespetu ekartzen diotenak; bai eta, gauza arraroa, gizonari ere bai, ez bailiokete zernahi irets arazi nahi dirua estakuru.

Bestetik emankorkeria ekonomiko bat aments daukaten horiek : gero eta gehiago bil, gero eta gehiago saltzeko, gero eta gehiago diru irabazteko, gero eta gehiago erosteko, gero eta lanpostu gehiago sortuz, gero eta langabe gehiagorekin. 1968ko urte famatu hartan % 3 ziren langabeak. Gaitzeko garapena ezagutu dute geroztik,1985an %10 hori gainditzen zutela lehen aldikotz.

Geroztik, ekonomiako oinarrietarik da, langabezia hori, pundu bat edo bi gora behera, ipad eta ipod,  bidaia edo ahate gibel merkeak, edo hats bahiturik dauden bankoak bezala. Nahiz, bahituak… 500 miliar atera berri dituzte nonbaitik BCE-ren eskuetan emateko %0,25ko interesarekin, denbora berean beste 500 miliar mailegatzen zizkiotela %1eko interesean, lau aldiz gehiago BCE berari! Ez duela kanorerik ? Ez bururik hautz, hori ez da ELB ko norbaiten mundukoa. Bakoitza bere ofizio.

Ez uste izan Euskal Herria zirrimola horren erdiko gune lasai bat litekeenik. Sor marka asmatu duzue. Bere ondorio onekin. Berehala ikusi dute delako emankorkeriatzaleek, ez dela kalitatea bezalakorik saltzeko. Bainan saltzea lehen eta kalitatea gero haatik. Eroslearen lilluratzeko doia. Pekingo gasna baten gainean lotzen duzue hemen egin eta inprimatu paperño bat : " fromage basque gasna ". Ez ahal duzue erranen gasna horrek ez duela deus euskaldunik ! Ez ahal diozue "Basque" izena ukatuko ! Ez izan fundamentalistak.

Zuek hoin argituak eta ez ote zarete ohartuak Ekonomia handiko garratoinak jaten duen gasna baizik ez zaretela ? Ez duzue entzun  irratietan CCIko lehendakari berria kargutan sartu den egunean : Parmera jausten naizelarik, eremu berde horiek guziak ikustean, amentsetarik nago : denak lantegiz estalgi behar ditugu. Euskal Herriaren saltzea du bizipide. Hemengo ekonomiako sailik biziena, imobiliarioa da. CCIk agertu dokumentu batetan ikusiko duzue 10 urtez %500,7z  hazi dela ! 180 langiletarik 1.682tarat igo da 1975 eta 1999 artean.

Lur erresalbu bat baizik ez zarete zuek, gaizo laborariak, egiazko ekonomiarentzat. Lantegiak sortzezko eta beraz lan postuak sortzeko, lurra behar da. Bai eta langile berrientzat etxebizitzak eraikizeko. Eta nolaz ez, bigarren egoitzak Paristar turistentzat, dakizuen pizua daukalarik hemen turismoak.

10 urtez bigarren bizitza horiek %16,2z emendatu dira. 3.557 gehiago ! 355 urtean ! Konturatzen zarete zenbat soldata heldu den ! Zenbat diru sartu den gure bankoetan ! Gure saltegietan ! Ez zenukete nahi halere Parc des Sports erdian eraiki ditzaten etxebizitzak edo zezenplaza inguruko villa ederrak bota ondoan!

Zer dituzue kurrinka horiek, baizik eta laborantzarako lurrak gero eta gutiago direla ? Laborarien kopurua ttipitzen ari da. Eta ariko ! Onar ezazue laborari lan postu batek behar duen eremu berean beste 500 lan postu sortzen direla. Ez ahal zarete lan postuen sortzearen kontra !

Zuen erretretara arte irauten baduzue ez da hain gaizki izanen. Zuen haurren gogoan sar, Baionatik Bilbora, Hendaiatik Izabara joanen den Los Angeles euskaldun batetan biziko direla, dotzena bat autobide eta hiruzpalau AHTrekin. Bainan ideki begiak eta ikus nolako indar ekonomioa izanen den, zenbait milioi jende bilduko dituen megapolo horrek ! Munduko megapoloen rangkinean sailkatua izanen da urte oroz ! Ez duzue ikusten nolako fama emanen dion horrek Pays Basque-Euskal Herriari, ala ?

Azken errabiatuentzat, deus eraikitzen ahalko ez den  Baigura, Okabe eta Orhiko patar xutenetan izanen dira hazkuntza bereziak, arraza garbiko ardi buru beltx, urde pintto, pulinda, basoilo, behi gorri, astaña, betiso, pottok, labrika eta horrelako. Lehenagoko ogi eta arto zuritik eginen da zenbait hektaratan horien haztekoa, bai eta OGM industriaren beharrentzat, hau izanen delarik ekonomiako sail azkarrenetarik, lan postu sortzeei doakienaz.

Horien denen ikustera jinen dira moda berriko turista argituak, low-cost hegazkinetan. Gaineratiko guzia, zimeta eta gudronez estalgia izanen da CCIkoen erakakiz. Hiletarik piztu Dexia, Lehmann Brothers bankuak, bai eta Goldman Sachsen bulegoak izanen ditugu ihaurri non nahi.

Maiñongo ingurugian eraikia izanen den zeruorratzeko 97. solairuan bilduko dira Moody’s agentziako adituak erabakitzeko, primaderan ala udan dioten emanen AAA ezagutgarria BAMI bankoari. Aitor ezazue zeruoarratz batek oraiko sorropilak ez bezalako itxura eman liokeela ingurugia horri. Eta horrelako eremua ez liteke alferretan galdua ! Oraiko lurraren prezioan !

Otoi ! Otoi ! Ez izan arrunt moda zaharrekoak. Ez eman Euskal Herri posmodernoa eraikitzen ari direnen bidearen erdian, poxelu egiteko asmoarekin.


Komentarioak

icon

Indianoa

2012-01-13

Zuzen eta zorrotz errana Xipri, bai horixe!

Komentarioa idatzi