Imazighen-en primadera

Xipri Arbeldide

Argitaratua: 2012-01-04 12:05:25

Berbero izenarekin ezagunak dira, Barbaro deitzen bitzituzten Grekoek, konprenizen ez zuten hizkuntza bat mintzatzen zutenak. Berak Imazighen deitzen dira, mintzaira tifinagh, herria Amazigh
Afrika Iparraldeko azken iraultza hau, arabeen iraultza deitzen dute, nahiz herrialde horiek denak Imazighenez beteak diren, arabisatuak izan badira ere mendeen bortxaz, gu españoldu edo frantsestu garen bezala.

Ipar Afrikako euskaldunak deitzen ahal genituzke, eta gu, Euopako Imazighenak. Tifinagh beren mintzaira erabiltzen dute oraino 15-18 milioiek Marokoan, 12-14ek Algerian, jendetzearen %10 batek Tunisia eta Libian, ahantzi gabe 3 milioi Tuareg ere tifinaghez mintzo direla. Bi miloi hurbil dira Frantzian, "Berbère Télévision" katearekin 2000az geroztik.

Beren historioko izen handienetarik bat : Jugurta, Numidiako erresumaren buru, Erromatarrei ihardoki ziena mende bat Jesu Kristo aintzin. Hor dauzkate ere San Agustin, Jondoni Xipirine, Elizako historioan famatuenetarik izan diren hiru aita saindu eta abar.  Abdel Kader lehenik eta azkenik Ferhat Abbas Frantziaren kontrako guduetan. Eta Frantzian, orok ezagutzen ditugun Edith Piaf, Isabelle Adjani eta bereziki Zinedin Zidane.

Haien alfabetoak mila urtez goiti badu. 2961. urtean dira beren egutegiaren arabera. Ez dira oraikoak !
Alienatuak izan ondoan, Marokotik Libiara beren kultur eta minzairaren alde borrokatzen dira orai.

Algerian, Kabilak (horrela deitzen dira hango Imazighenak) Frantziatik askatzeko gerla hartan beroenak izan ziren batere dudarik gabe, Krim Belkacem buru. Bainan ttanttoak bestek zituzten tiratu. Gaur egun hasiak dira berriz ere beren eskibideen aldarrikatzen : primadera berberoa izan dute 1980an, Imzighenen oldartzea 2002an.

Marokon dute gehienik ardietsi azken urte hauetan : joan den udan onartu Konstituzio berriak mintzaira ofizial egiten ditu arabiar eta tifinagh, biak. Mohamed V.rekin hasi ziren bazterrak aldatzen duela 10 bat urte.

Kolonizatuak zirelarik zokoratuak egonik, badira oraino ere beren hizkuntza karrikan mintzatzeko ahalge direnak. "Zertarako ikas tifinagha eskolan, galdetzen dute. Ez dizu jatera ematen !" Entzun izan da horrelakorik hemen ere ez du hain aspaldi. Legez, denek ikasi behar lukete orai eskolan, bainan mementokotz %15ek baizik ez dute egiten irakasle eskasez.

Bestalde, arrastak hilka tinkatzen dituztenak badira, ministeritza eta  alderdi politikoetan bereziki.  Tifinagh telebista kate bat bada orai publikoa, orokorra, beti Marokon.

Libiari doakionaz, azpimarratzen dute Kadafiren botatzeko borroketan parte hartu dutela eta orai beren ttanttoak tiratu nahi dituztela haiek ere. Munduko Kongresu Amazigha baita, honen buru da libiar bat, 20 urte herritik kanpo pasatu behar izan dituen Fathi Ben Khalifa. Libiako oldartuen burukideetarik da. Oroit arazten du odola ixuri dutela iraultzaren alde. Ondorioz eskatzen du Konstituzioak onart dezan Amazigh populua bere mintzaira eta kulturarekin, islamista errabiatuentzat araba klasikoa delarik Islamdarren batasunaren berme bakarra. Bestentzat ez da tokirik. Mohamed baino lehenagoko zernahi ezin jasana zaie.


Komentarioak

icon

Asier Isasa

2012-01-04

Gora Amazigh Herria! Herri libreen primaderan libertatea erdietsiko dute, gure modura.

icon

Bixente

2012-01-05

Euskaldunon primadera larunbat honetan hasiko da, Bilboko manifestazioarekin. Tzaugi gurekin!

Komentarioa idatzi