Euskal Argentina elkartea aurkeztuko dute larunbatean Biarritzeko mediatekan

Argitaratua: 2010-07-09 12:50:17

Biarritzeko Mediatekak eta Euskal kultur erakundeak, euskaldunen atzerriratzearen inguruan erakusketa bat eta hainbat ekitaldi proposatu dituzte uztailean zehar. Uztailaren 1etik 31a arte, Kepa Etchandy argazkilariaren erakusketa eskainia da. Bi gai jorratzen dira erakusketa horretan: « Euskaldunak Argentinan » eta « Amerikanoen Jaraunspena », bigarren hau Irisarriko Ondare Heziketa Zentroarekin egina. Larunbat huntan, Euskal Argentina elkartearen aurkezpena eginen dute.

1999an, Kepa Etchandy, Baionako argazkilariak, osaba baten aztarnak aurkitzen ditu Miramaren, Buenos Aireseko lurraldean, eta 2003an lehen bidaia egiten du. Herrira itzultzerakoan, saiatzen da hain urrun joan direnen oroimen bizia indarberritzera, argazki batzuren bidez.

Ondotik, bere ikerketak segituko ditu, « Amerikanoek » utzitako aztarnei buruz. Hala deituak ziren Ameriketatik sartu ziren euskaldunak, batzuentzat aberasturik. Gutti izan ziren Euskal Herrira itzuli zirenak baina haien itzulerak eragin psikologiko handia utzi zuen « amerikarraren » mitoa garatuz.

  • Uztailaren 1a, ostegunarekin, 18:00etan, Mediatekaren entzuntokian, erakusketaren estreinaldia izanen da.
  • Uztailaren 10a, larunbatarekin, 16:00etan, toki berean, «Euskal-Argentina » elkartearen aurkezpena. Bere helburuak, ekintzak eta bereziki Guillaume Apheça atzerriratze agentearen artxiboen inguruan egindako lana ezagutzeko parada izanen da. Horrez gain, emigranteen gutun eta famila istorio batzu irakurriak izanen dira.
  • Uztailaren 20ean, asteartearekin, 21:00etan, Royal zinegelak eta Eusko Ikaskuntzak antolaturiko gaualdia izanen da. « Euskal Herria hortik hara » filmaren aurkezpena. Filma euskaraz da, frantsesez azpititulatua. Ondotik, bi hizkuntzetan mahain inguru bat izanen da, euskaldunen atzerriratzea Ameriketara aipatuko delarik.
  • Uztailaren 22ean, ostegunarekin, 18:00etan ( Mediatekaren entzuntokian ): « Sor lekua utziz geroz » bideo dokumentalaren aurkezpena. Mikel Erramouspek Wyoming eskualdean zehar bere aitarekin artzain ibilbidea berriz egiten du, aitaren oroitzapenen aztarnetan. (30 minutuko filma euskaraz azpititulurik gabe, hasi aintzin frantsesez aurkeztua izango dena)
Pierre Erramousperen lekukotasunaren ondotik, Argitxu Camus Etchecoparen mintzaldia : « Euskaldunak Estatu Batuetan eta haien nortasuna ». (bi hizkuntzetan)

Azkenik, gogoratu behar da « Amerikanoen Jaraunspena » erakusketa Irisarriko Ospitalea Ondare Heziketareko Zentroan ikusten ahalko dela abuztuaren 2tik azaroaren 30a arte.

Xehetasun guziak: www.ospitalea.cg64.fr


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi