Baztandarrak elkarteak antolaturik, Bidarraiko Lasterkaldia ospatuko da igande honetan
Maiatzak 30ean, goizez, abiatuko da Lasterkaldia Bidarraiko zubitik. 16,5 km eta 1 100 goi-behe duen ibilaldia prestatu du Baztandarrak mendi elkarteak. Taldeak bi ekitaldi nagusi antolatzen ditu urtero, igande huntan jokatuko den lasterkaldia eta aurten uztailaren 24an izanen den Mendi Maratoia.
Igande huntako lasterketa nagusia goizeko 9etan partituko da herriko zubitik. Bestalde, 9.30etan haurrendako prestatukoko kursa hasiko da. 6 eta 14 urte arteko umeendako 1,5 kilometroko ibilaldia prestatu dute. Finean, Noblia parkinetik zaldi lasterketa partituko da goizeko bederatziak eta laurdenetan.
Azkenik, lasterketa bukatu eta gero Bidarraiko produktuez osaturiko bazkaria zerbitzatua izanen da trinketean.
Patxi Sallaberryk azaltzen duenez, elkartea badira 10 urte sortu zen lagunen artean mendi irteerak eta lasterkaldiak antolatzeko xede. Egun 60 bat pertsonaz osaturik da.
Heldu den igandeko lasterkaldia «zinzez herrikoia dela» goraipatzen du Baztandarrak-eko ordezkariak. «Ibilbidea ez da sobera zaila, entrenamendu pixka batekin aski lasai egin daiteke», azaltzen du. Iaz 140 bat lagunek hartu zuten parte ekimenean, eta izen-emaiteen erritma ikusita, aurten seguraski 200 lasterkari goiti izanen direla aipatzen du Sallaberryk.
Izena emateko bi aukera daude: alde batetik, webgunearen bidez eman daiteke izena. Mediku agiria eta 15 euro galdeginak dira parte ahal izaiteko. Bestetik, posta arrunta edo telefonoa baliaturik burutu daiteke izen-emaitea.
Erran bezala, igandekoa ez da Baztandarrak antolatzen duen ekimen bakarra. Heldu den uztailean 24an 42 kilometroko Mendi Maratoia ospatuko dute.





