Sebastien Gonzalezek buruz-burukoan lehen saria Iparraldera ekarri du!
Garaipen zoragarria eskuratu du Sebastien Gonzalezek gaur iluntzean Donostian. Panpi Ladutxek eta Xalak erakutsitako bidetik, lau t'erdikoaren finala poltsikoratu du azkaindarrak. Lan anitz egin eta gero, Gonzalezek buruz-burukoan lehen txapela ekarri du Iparraldera. Martinez de Irujo faborito atera da, eta partida indartsu abiatu du Iberoko pilotariak. Izan ere, Gonzalezek buelta eman dio partidari, 18-22 irabazi arte. Azkaingo Axafla Baitan eta baita Xoko Onan ere lehen harrera egin zioten bart gauean xapeldunari.
"Lana, lana eta lana". Hitz horiekin laburbildu du Sebastien Gonzalek gaur arratsaldean Donostiako Atano III.ean lortutako garaipen handia. Panpi Ladutxek eta Yves Salaberri, Xalak zabaldutako bidetik igaro dela aitortu du, umiltasunez. Izan ere, lehen buruz-buruko bat Iparraldera ekarri duen pilotaria bera da.
Partida ederra izan da. Hona hemen partzialak: 6-0 (Mtnez de Irujo Irujo aitzinean), 6-1, 9-1, 9-2, 10-2, 10-7, 12-7, 12-11, 14-11, 14-12, 16-12, 16-16, 17-16, 17-17, 18-17, 18-18, 18-22.
Markagailuak erakusten duenez, Martinez de Irujok indar askorekin abiatu du norgehiagoka. Izan ere, 16. tantutik goiti gauzak okertu zaizkio Iberoko aurrelariari. Sebastienek emeki-emeki, partidan sartu da, eta bere arerioaren akatsak baliatuz, markagailuak gora eraman du. Horma biko ikaragarriak egin ditu azkaindarrak eta Martinez de Irujoren belaun azkarrek ezin izan dute bere indarra geldiarazi. Azkenik, lau tantu diferentzia lortu du azkaindarrak.
Martinez de Irujo faboritoa atera da, baina Sebastien Gonzalez aitzinean garaipenaren atarian geratu eta gero, adore handia erakutsi du gaur, azkenik, goi mailako garaipena lortzeko.
Erran bezala, bai Panpi Ladutxek baita Xalak ere binakakoan txapelak lortu dituzte. izan ere, buruz-burukoa beti garestiegi izan da trinketean zoin ezker paretan hazitako pilotarientzat. Kostatuta ere, urte anitzeko lanak bere uzta eman duela aitortu du pozaz zoratzen den Gonzalezek.
Pilotazaleek ez diote muzin egin Atano IIIean gaur ezarritako hitzorduari. Lapurtar anitz Donostira joan dira. Harmaietan giro berezia sumatzen zen. Martinezen zein Gonzalezen aldeko oihuak ez dira falta. Azkaindarrek pilotaz gozatu bai, baina eguneroko auziak ez dituzte etxean ahantzi. AHT-LGV berria salatzen zuen banderola handia eraman dute. Ohikoa denez, presoen aldeko ikurrak eta abertzaleen aurkako epaiketak salatzen zituzten banderolak ere ikusiazaldu dira Donostiako frontoi mitikoan.
Azkaingo auzapezak, Jean-Louis Ladutxe, Donostiako frontoian zen eta partida amaitu eta berehala bere herriko txapelduraren balentria goraipatu du Euskal Telebistaren kameren aitzinean.
Azkainen ez direla ospakizunak faltako iragarri du auzapezak. Hori ziur da. Jadanik, Azkaingo Axafla Baitan eta baita Xoko Onan ere lehen harrera egin zioten bart gauean xapeldunari.
Ondorengo egunetarako beste ekimenak prestatzen dituzte. Panpi eta Salaren baimenaz, historian urrezko lerroa idatzi baitu 2009ko abenduaren 8an Sebastien Gonzalezek. Eta tamainako lorpena behar den bezala ospatuko dute, bista da, azkaindarrek. Aupa Sebastien ! Zorionak xapelduna !







