Donapaleu eta Maule arteko ibilbidea eginen du gaur Esaiten mendi martxak

Argitaratua: 2010-08-03 10:20:14

Uztaritzetik abiatu zen Mendi martxa. Argazkia Gaizka IROZ.

Larunbatean Uztaritzen hasi zen ESAITen mendi martxa eta agorrilaren 8an bukatuko da Trebiñun, bitartean Euskal Herriko mendiak ari da zeharkatzen. Gaur Donapaleu eta Maule arteko ibilbidea egiten ari dira kirolzaleak, Ipar Euskal Herriko azken txangoa. Xiberoako hiriburura ailegatzean bertako gizartea eta kultura ezagutzeko mintzaldia izanen dute zain. Euskal Herriko selekzioaren alde lanean ari den elkarteak egunero ehun bat lagun biltzen ari da. Mendi martxak hamargarren urtea betetzen duen honetan lehen aldian egin zen ibilbidea ari da errepikatzen baina alderantziz, azken hamarkadan egindako lana azpimarratzeko.

Idoia ERASO / BAIONA
Donapaleutik abiatuko dira mendizaleak goizeko zortzietan, eguna mendian pasa ondoren arratsaldeko laurak edo bostak aldera Xiberuako hiriburura ailegatuko dira. Han Mauleko auzapeza izanen dute zain eta egunero bezala ekitaldi berezi bat eskeiniko zaie, herriko plazan izanen da arratsaldeko zazpietan. Xiberuan izanik bertako kultura eta gizarteari buruzko hitzaldi bat antolatua izan da bertako jendeak eskeinia. Arratseko zazpiak eta erditan Zinka ostatuan eginen den mintzaldia denei irekia izanen da: «Alliande Etxartek koordinatu du mintzaldia eta gazteriari, laborantxari eta kulturari loturik Xiberuako argazkia eskeiniko digu» azaldu du Txiki antolatzaileak.

Donapaleu utzita hiru edo lau kilometrotara mendian sartuko dira. Donejakue bidearekin gurutzatuko dira Benta Baserriaren parean eta mendian baserriz baserri ibili ondoren Mauleko Agerria jauregira ailegatuko dira, handik gero Maulera jeisteko. «Iparraldean pasako dugun azken egunean Jai-Alaiean eginen dugu lo» azaldu du Txikik. Bihar goizean autobusean Elgetara joanen dira Trebiñura ailegatzeko gelditzen diren lau etapak egiteko.

Euskal Selekzioaren aldarrikatzeko manifestazioa antolatu du ESAITek Gasteizen agorrilaren 7an. Arabako hiriburutik pasaian Euskal Herriak kirol munduan jasaten duen bazterketa salatuko da.

Uztaritzetik Trebiñura
Hautetsi eta bertsulariak lagunduta larunbatean goizeko hamaiketan hasi zen ESAITen Mendi Martxa. Martxa abian jarri zen garaian egin zen ibilbidea errepikatu nahi izan dute antolatzaileek. Azken hamar urteotako lanaren irakurketa egin dute horrela, bereziki nabarmenduz jende askorentzat erreferentziazko hitzordua bilakatu dela.

Bestalde gizartearen eta erakundeen aldetik izan den garapenari ere begiratu diote elkarteko kideek. Horrela azken hamarkadan «gizartean aurrerapausu handiak eman direla» adierazi badu Txikik, erakunde ofizialetan «pausuak atzera» egiten ari direla nabarmendu du bestalde. Horren azaltzeko heldu den irailan Pauen eginen den pilota txapelketan ESAITek ezin izanen duela parte hartu azaldu du.

Hiru egun ianeko
Larunbatean Uztaritze eta Hazparne arteko bidea egin zuten mendizaleek. Hazparnen Xarlo Etxezarreta hautetsiak egin zien harrera eta ondoren sinbologia handiko pilota partida ikusi ahal izan zuten, izan ere Frantziako selekzioari uko egin izan dioten bi pilotariren artean jokatu zen. Alliande Alfarok aspaldi uko egin bazion selekzio frantziarrari, Beñat Maitiak aurten eman du ezezkoa Estatu frantsesa ordezkatzeari.

Igandean Hazparne eta Izturitze arteko bidea egin ondoren atzo Donapaleura ailegatu ziren ibiltariak. Han "Sagarren denbora" filmea ikusteko parada izan zuten zuzendariak eta aktoreak lagunduta.

Informazio gehiago www.esait.org webgunean.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi