Donibane Lohizunen bukatuko den battelekuen Teink trofeoa atzo abiatuko zen Bilbotik

Argitaratua: 2010-08-02 13:38:54

Atzo arratsaldean Teink trofeoaren hemezortzigarren edizioa abiatu zen Bilbotik. Battelekuan egiten den zeharkaldiak bukaera larunbat arratsaldean izanen du Donibane Lohizuneko portuan. Euskal kostaldea Bizkaitik Lapurdira zeharkatuz 84 mila eta erdi eginen ditu portuz portuz. Getxo, Bermeo, Lekeitio, Mutriku, Orio, Donostia eta Hendaia izanen dira Teinkari harrera eginen dioten beste portuak.

2009an egin zen zeharkaldiak arrakasta borobila bildu zuen, hori dela eta antolatzaileek joan den urteko giro ona eta taldeen kalitatea errepikatuko dela espero dute. Aipagarria da itsasoan iragaten den batteleku ibilbideaz gain parte hartzaileei harrera eginez portuetan ekitaldi ezberdinak izaten dituztela, herrietako elkarte eta herriko etxeek antolatuak.

«1993an, lehen edizioan, sei talde eta sustengatzen gintuzten adiskide multzo bat ginela ikusita, nork pentsatuko zuen Trofeoak halako garapena ezagutuko zuenik?» adierazi du Teinka antolatzen duen Ur Ikara elkarteko presidentea den Jean-François Irigoyenek.

Trofeoaren ideia hiru lagunek Donibane Lohizunetik abiatuta Bilbora battelekuan egin zuten ibilaldi batetik sortu zen. Philippe Martiarena, Pascal Hariscain eta Alexandre Dunoyerrek argazkiak hartzeko euskal kostaldeko portuetan geldituz egindako bidaiaren ondotik Jean-François Irigoyenekin kontaktuan jarri ziren eta Ur Ikara elkartearen bitartez gaur egun indar handia hartu duen zeharkaldiari hastapena eman zioten.

Teinkaren lorpenak
«Zokoako portuan battelekuak ikusi nituenean, beren formaren edertasunak, Eskual Herriko itsasontzien forma bereziek lehenik harritu ninduten. Geroztik, itsas ondareari buruz ikerketak egitean, pittaka-pittaka battelekuen historioa ezagutu dut, baita erailtzen dituzten itsas-gizonena ere. Luzaz Eskual kostaldeko itsas-gizonek kostaldean arrantzan aritzeko erabili dituzte, bainan kasik desagertu ziren joan den mendearen erdian. Egun, Teink Trofeoari esker bigarren bizi bat ezagutzen dute eta Eskual Herriko itsas jendeen historio aberatsarekin lotura atxiki dute» azaldu du Stéphanie Fance ikerlariak.

Fancek euskaldunen itsasoarekiko lotura ere nabarmendu du Teinkari buruz: «Trofeoa norberaren burua gainditzen bultzatzen duen desafio bat izateaz gain, Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaiako portuen arteko lotura ere bada, hain xuxen ere Eskual Herriko itsas trdizioarekiko lotura bat».


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi