AB eta BO taldeen arteko derbien historia liburu batean

Argitaratua: 2010-08-06 10:39:40

Liburuaren sorkuntzan parte hartu duten Julio Urquidi, Jean-Louis Berho eta Jean-Pierre Hiribarne. Argazkia Daniel Velez.

Mende bat baino gehiagoko historia biltzen du "L'Histoire du derby basque" (Euskal derbiaren historia) liburuak. 1906tik 2010era Baiona eta Biarritzeko taldeen artean izan diren partiduen kontakizuna atzematen ahal da heldu den astean argitaratuko den liburuan. Julio Urquidiren artxiboetan oinarritua eta Daniel Velezen argazkiak baliatuta Jean-Louis Berhok idatzi du liburua eta Jean-Pierre Hiribarnek du argitaratu.

Idoia ERASO / BAIONA
«Biarritz Olympique eta Aviron Bayonnais taldeen artean izan diren derbi guztien historiaren berri ematen duen liburua da. Partidu guztiak kontatzen ditut, zein izan zen taldeen konposizioa eta gero partiduei loturiko gertakari guztiak aipatzen ditut» azaldu du Jean-Louis Berhok.

Bi taldeen arteko gatazkari buruzko mitologia hautsi nahi izan du idazleak: «Gerratea dela usten dugu, baina 1934ean bi taldeak finalera ailegatu zirenenan hasieran finaleko partida Bordelen edo Tolosan jokatzea errefusatu zuten, euskal kostaldean jolastu nahi zuten, baina azkenean ez zen posible izan eta Tolosan jokatu zuten. Baionak irabazi zuen eta hau gertatu zenean denak kontent ziren, bi taldeetako jarraitzaileen poza nabarmena izan zela markatu zuen egunkariak».

Liburua osatzeko egunkarietako artxiboetara jo du idazleak, XX. mendeko egunkarien baitan ikerketa eginez. Lorturiko informazio guztia laburbiltzeko mementuan bi taldeen artean oreka mantentzeko lana egin du. Liburuan bukaeran historian jolastu diren partidu guztien emaitzak agertzen dira baina idazleak adierazi duen legez: «Bi taldeetarik irabazlea zein izan den agertzen duen bilana ez ematearen begikotasuna izan dut, horrela irakurle bakoitzak nahi baldin badu bere ikerketa eginen du».

Universel argitaretxearekin idazleak ateratzen duen hirugarren liburua da. Lehenak errugbiaren historia aipatzen zuen eta bigarrenak Biarritz Olympique profesionala den garaitik bizitakoak aipatzen ditu. "L'Histoire du derby basque" liburua heldu den astetik salgai izanen da Baiona eta Biarritzeko liburudendetan.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi