Euskaltzaindiak euskaltzain emeritu izendatu du Jean-Louis Davant
Uztailaren 23an, Donostian egindako osoko batzarrean, Euskaltzaindiak euskaltzain emeritu izendatu du Jean-Louis Davant euskaltzain osoa. Emeritu izateko, 75 urte beteak izan behar dituzte eskaltzain osoek. Jean-Louis Davant 1935eko uztailaren 5ean jaio zen, Ürrüstoin (Zuberoa). Laborantzan ingeniaria da. Hazparneko Laborantza Ikastetxean irakasle izana da eta gaur egun jubilatua dago. Enbata mugimendu abertzalearen bultzatzaileetariko bat izan zen. Idazlea da, eta pastoral-antzerki askoren egilea. Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Davant 1975eko otsailaren 28an.
Euskaltzaindiaren Arautegiaren eta Barne Erregelen arabera, emeritu izendatzearen ondorioz sortzen den hutsartea betetzeko, ondorengo bi osoko batzarretan aurkez daitezke hautagaiak, eta hirugarren batzarrean egingo da bozketa. Beraz, iraileko eta urriko batzarretan aurkez daitezke hautagaiak, eta azaroko batzarrean gauzatuko da bozketa.
Jean-Louis Davantek zuberera ordezkatzen duenez, hautatuko den euskaltzain osoak zubereraduna izan behar du.





