Ezkurrak Waltari mendean hartu du Azkainen eraberritutako trinketearen estreinaldian

Argitaratua: 2010-01-18 14:46:50

Amaitu da Paxkal Ezkurraren amesgaiztoa. Urruņarrak garbi utzi zuen larunbatean Azkainen jokatutako desafioan Waltari menderatzeko gai dela. Azkenaldian elkarren aurka jokatutako partida guztiak kubatarrak irabazten zizkion, baina Azkainen eraberritu duten trinketearen estreinaldian antolatutako desafioan lapurtarra gailendu zen. (Waltari 29 - Ezkurra 40 ).

Jon LEUNDA | AZKAINE
Partida, ordea, ez zen ona izan. Lehen zatia nahikoa orekatua izan zen, eta markagailuan ere berdinketa ugari izan ziren, baina azken hamabost kintzeak oso luze egin zitzaizkion pilotari amerikarrari.

22-22 berdinduta egon ostean, Ezkurrak 3-11ko partziala sartu zion, eta hortxe geratu zen erabakita norgehiagoka. Waltarik ez zuen erreakzionatzeko tarterik izan, eta amaieran garaipena Ezkurrarentzat izan zen.

Partidak, berak, ordea, beste ondorio batzuk utzi zituen. Hasteko, sakea. Orain arte Waltarik anitz sartu izan ditu bakarka jokatzen duenean, eta atzo lau besterik ez zituen egin. Ezkurrak, berriz, zazpi gehiago lortu zituen.

Galdutako kintzeak ere asko izan ziren amerikarraren aldetik, jokoan, 15 galdu baitzituen, eta horrela ez dago partida bat irabazterik. Bestetik, garbi dago lapurtarrak partida hau askoz ere serioago hartu zuela, Waltari azken egun hauetan Ameriketako Estatu Batuetan izan baita.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi