Final laurdenak jokatzeko ametsak zapuztu dira miarriztarrentzat

Argitaratua: 2012-01-16 12:25:49

Xuri-gorriek partida ona egin dute, markagailuan aurretik ere ibili dira Yachvili bikain baten eskutik, baina ez da, ordea, irabazteko nahikoa izan. Bukatu dira Biarritzek multzoko lehenengo bezala final laurdenak jokatzeko zituen aukerak. Atzo ez zuen partida txarra egin, baina ez zen garaipena lortzeko nahikoa izan (Saracens 20-Biarritz 16); orain, lehen fasea datorren astean garaipen batekin agurtu nahiko du, bigarren onena bezala sailkatzeko ere ia ez baitu aukerarik. Gauzak ez dira lasaiago Baionan, non Jean Elissalde trebatzaileak bere postua galdu duen.

Jon LEUNDA
Asko zuen jokoan Agilerako taldeak. Bazekien irabazi ezean Europan aurrera jarraitzeko ia aukera guziak agortuko zirela. Yachvili izan zen berriro ere protagonista, berak egin baitzituen xuri-gorrien puntu guziak, baita entsegua ere, baina ez zen nahikoa izan. Markagailuan ere aurretik jarri ziren, ongi eutsi zieten aurkariei, baina amaieran amorru handiarekin utzi zuten zelaia Biarritzeko jokalariek, garaipenetik oso gertu ibili eta ezin izan baitzuten lortu.

Dena dela, Olympiquek hobera egin du, eta oso nabarmen, gainera, eta horrek du une honetan garrantzirik handiena. Bide horretatik jarraitzen baldin badu ligan, laster utziko ditu beheko postuak, eta agian gorantz begira ere jar daitezke hemendik aurrera lapurtarrak, datorren astea pasatzen denean ligan bakarrik izango baitute burua, hori baita orain helburu nagusia.

Aldaketa Baionarentzat

Bestalde, gauzak ez dira lasaiago Baionan. Avironek Jean-Pierre Elissalde trebatzailea etxera bidali du. Baionak ez du partida bakar bat irabazi iazko azaroaren 24az geroztik eta horrek ezinegon handia eragin du taldean. Elissalde iragan abenduaren 5ean harru zuen taldeko ardura, Christian Gajan eta Thomas Lievremont-en ordez. Izan ere, aldaketak ez ditu onurarik ekarri.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi