Futbolariek plazaraturiko agiriak euskal selekzioaren gaineko eztabaida berpiztu du
Kalapita handia sortu du ostiralez 165 futbolarik plazaraturiko agiria. Jokalariek argi utzi dute Euskal Herria izenean soilik lehiatuko direla heldu den abenduaren 23an Bilboko San Mames zelaian jokatzeko den Iranen aurkako partidan. Euskadiko Federazioak ez omen du amore emateko asmorik, eta alde batetik zein bestetik iritziak plazaratzen dira. Bistan da jokalariek eginiko hautu irmoak Euskal Herriko selekzioak nazioarteko txapelketan izaiteko duen eskubidearen inguruko eztabaida berpiztu duela.
Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura sailburuaren ustez Euskadiko Federazioari dagokio azken erabakia hartzea.
Alta, Euskadi izenak erabateko zilegitasuna duela uste du Azkaratek, batetik, historikoki hala izan delako, eta, bestetik, izen horrek ere zazpi herrialdeak biltzen dituela uste duelako.
«Baditugu selekzioak Euskadi izenarekin jokatzen dutenak, Euskal Herriarekin, Euskal Selekzioarekin, errubian Euskarians izenpean... Beraz, zazpi herrialdeak Euskal Herriak bakarrik ordezkatzen dituela erratea, uste dut ez dela egia», azaldu du ETBn.
Bien bitartean, Eusko Alkartasunak zein EHAK taldeak bere babesa adierazi diete ostiralean Euskal Herria izanean soilik jokatuko dutela iragarri duten jokalariei. Era berean, Euskal Herriko selekzioa nazioarteko txapelketan ofizialki lehiatzeko duen eskubidea aldarrikatu dutelarik.
Gogoratu behar da ostiralez 165 futbol jokalarik eta jokalari ohiak agiria plazaratu dutela. Bertan argi uzten dute Euskadiko Futbol Federazioak «Euskadi» izenera itzultzeko asmoari eusten badio, euskal selekzioak abenduan jokatu ohi duen nazioarteko partidan ez dutela parte hartuko. Izenpetzaileen artean euskal futbol talde nagusietan ibiltzen diren jokalariak. Besteak beste Baionako Avironeko Laportek eta Duhourrek, eta Angelu Genetseko Lafittek eta Pageault-ek babestu dute Euskal Herria izeneko selekzio nazionalaren aldeko adierazpena.
Ahtleticeko, Errealeko, Alaveseko, Eibarko, baina baita Baionako Avironeko eta Angelu Genetseko jokalari esaguratsuek bere sostengua eman diote "Euskal Herria" izeneko selekzio nazionalari, era berean Euskadiko federazioak "Euskadi" deitura berreskuratzeko asmoari bizkarra emanez.
Atzerriko taldeetan dabiltzan hainbat jokalarik, emakumezkoen liga nagusietan dabiltzan Athletic-eko zein Realeko jokalariak eta futbolari ohi ugarik agertu dira agiriaren alde.
Abenduaren 23an Iranen kontra jokatzekoa da futbol selekzio nazionala. Ordurako, Federazioak urratsen bat eman beharko du partida salbatu nahi badu, bederen.
(Ikus ere: euskal selekzioa Iranen kontra lehiatuko da abenduaren 23an Bilbon




