Hirukasko lasterketaren geroa segurtaturik da, ahatik posible liteke zoingehiagokaren izpirituak leku guttiago ukanen duela
Ipar Euskal Herriko Mendi lasterketa ( trail ) hitzordu nagusienetariko bat den Hirukaskok desagertzeko arriskua zuen antolatzaile nagusiena eta jatorrizkoa zen Ibaialde elkarteak ekimena bertan behera utziko zuela jakinarazi zuelarik. Kirolarientzat beharrik, orain arte antolatzaile kidea zen Itsasuko Goxoki gaztetxearen elkarteak heldu den urteko ekaineko azken asteburuko Hirukasko lasterketaren 23. edizioa antolaketa osoa bere gain hartuko du.
Duela zonbeit urte Ibaialde hasi zen aspertzen Hirukaskok hartzen zuen bideaz, antolaketa abandonatzeko nahikeria zuen baina lehenik lasterketak segitzeko aterabite bat atxeman behar zuen eta Goxoki izan da aterabide hau beraz. "Hogeita bi urteren buruan asperturik ginen, ez ginakien nola hortik atera" esplikatu zakon Euskal Herriko Kazetari Ibaialde elkarteko Jean-Marc Landarretchek.
Aurtengo edizioan izan den istripu larriak erabaki hunen hartzea gauzatu du. Ekainaren 25an, larunbatez 28 urteko gizon gazte bat hipertermia eta bihotzeko kolpe bat ukan zuen Artzamendi deitutako lasterketaren hirugarren kaskoan. Larritasun horien ondorioz, biharamunean zendu zen Baionako ospitalean. "Gertakari triste hunek Ibaialderen baitan eztabaida sortu zuen eta Hirukasko desagertuko zela zurrumurruak sortu ziren, telefona kolpe andana bat ukan ginuen aintzina segitzeko" dio Landarretchek.
Ibaialderen idurikotz, lasterketa sobera seriostu da
Ibaialde elkarteko kideen asperketa hau lasterketaren izpiritu aldaketatik dator. Hastapenean ekimen adiskidetsu bat zen Hirukasko, denborarekin, mendi lasterketen hitzordu nagusienetariko bat bilakatu da. "Kiroleko jantzi sinpleek jantzi teknikoei lekua utzi diete, kirolaren seriostasunak gaineratekoa hartu du" penatzen da Ibaialdeko kidea.
"Piskanaka piskanaka ekimena antolatzeko baginituen arrazoinak desagertzen ari ziren. Parte hartzaileen gehiengoa ez zen gehiago bazkarian egoiten. Lehen edizioetan zinezko desafioa zen lasterketaren bukaerara heltzea baina azken urteetan minuta eta segundeer kasu emaiten zuen jendeak. Batzuentzat, ekimena belodromo batean gertatzen balitz gauza bera liteke. Lehiatzaileak ulertzen ditugu baina ez dugu horrelako gauza baten ikusteko enbeiarik" gaineratu du.
Hirukasko Goxokiren esku
Beraz, Ibaialderen baimenarekin Itsasuko Goxoki gaztetxearen elkarteak lasterketaren antolaketa osoa haren esku hartuko du. Duela hamabost urte Goxoki antolatzaile kidea dela. Orain arte seinale ezartzearen, sartzeetako txartelen, segurtasunaren, aparkalekuaren eta animazioaren ardura zuen. Heldu den urtetik goiti, izen emaiteak, komunikazioa, jan eta edatekoen hornidura, lasterkarien heltzeak eta bazkaria ere antolatuko dute. Ibaialdek ez du ekimena bat batean utziko, trantsiziorako hor izanen baita Goxokiren aholkatzeko.
Hala ere, jakin behar da Ibailderen berta behera uztearen arrazoin nagusia izan den "zoingehiagokaren eritasuna" ez dela Goxokiren filosofia. Hortik ulertu behar da aldaketa batzuk izanen direla datorren edizioan.
"Momentukotz ez da deus finkaturik, Hirukaskoren antolaketa osoa bere gain hartuko duen eta Itsasuko elkarteak bilduko dituen elkarte orokor bat sortuko dugu, ekimenak ez du izenez aldatuko. Eztabaida batzuk jadanik izan dira eta Sarako Itsulia bezalako ibilaldi baten ideia jorratua izan da ere" zehaztu du Goxokiko Julen Olahagaray kideak.





