Itsasoak uhin mitikoa iragartzen duenean...
Urte hasieran bezala, itsasoari begira dira gaur Lapurdiko surflariak. Joan zen urtarrilaren 16an, Hendaia eta Zokoa arteko errepide bazterrak kuxkuseroz bete ziren. Azkenik, guziek gogoitatzen zuten olatu erraldoia ez zen heldu, baina Belharraren eskasian olatu politak ikusteko parada ukan zuten kostaldeko behatzaileek. Gaur, berriro ere, Donibaneko itsasertzean sumatzen den giroak Belharrarren etorrera iragartzen dauku. Oraingoan neurria emanen du uhin mitikoak ? Baietz diote....
Surflariek Belharra izena emanen diote Donibane-Lohizunetik 3 bat kilometrora, itsaso barrenean, sortzen den uhin erraldoiari. Europako olaturik handienetarikoa dela erraten dute adituek. Izan ete, kostaldetik uhaina mitikoa behatzea zaila da oso. Eta hura surfatu ?
Uhin miresgarria itsasbazterretik oso urrun sortzen denez, ur gaineko motoak baliatzen dituzte olatura arribatzeko. Behin tokira helduta.. balentria eta jakinduria anitz beharrezkoak dira olatu majikoa surfatzeko.
Belharra oso noizbeinka bisitatzen gaitu. Joan zen urtarrilaren 16an iragarri ziguten azkenaldion uhin mitikoaren etorrera. Egun hartan, gaur bezala, jende anitz bildu zen Hendaia eta Lohizune elkartzen dituen kostako errepidean. Guziak Belharraren zain. Alta, olatu apalago batekin konformatu behar... "6,5 metro ez da gutti. Belhar tipia... " kontsolatu ziren surflariak.
Urtean behin edo birritan sortzen da Belharra, Donibane Lohizunetik 3 kilometrora itsas barrenean. 16-17 metroko altuera hartzen du olatu erraldoiak.
«The big wave » harrapatzea (beti ere "jet-ski" baten laguntzaz) ez da joko arin bat, eskarmentu handiko surflariek soilik eginen dute tamainako balentria. Euskal surfaren historiari joz, Belharra «eskalatzeari» ekin diotenen artean sufalari ezagun bat atzeman dugu: Peio Lizarazu, itzal handiko futbolari hendaiarraren aita.
Belharrak surflariak erakartzeko osagai guziak ditu: olatuaren soinua, itsasoaren parte izatearen sentsazioa...
Hala diote surflariak... gainerakoak, eta bereziki interneteko surflari garenok, espektakulua begiratzearekin konformatu behar!
Eta, adituek neurria eman eta gero, gaurkoa punta-puntakoa ez dela suertatzen bada.. "Belharra handiaren etorrera prestatzeko balio izan duela" esateko parada ukanen dugu beti.





