Kurutxarik kendu dio agintea Waltariri Garaziko trinketean

Argitaratua: 2012-01-09 12:14:42

Atzoko Superprestige lehiaketako finalean, Andde Kurutxarik eman dio amaiera Waltariren aginteari. Kubako pilotaria jaun eta jabe izan da azken urte hauetan eta atzo arte bera zen xapelduna, bai Buruz Burukoan, bai Binakakoan, baita Mastersean zein Superprestigean ere. Aurten, bat behintzat galdu du aurrelari amerikarrak. (Kurutxari 40-Waltari 34)

Jon LEUNDA l GARA
Emaitza azaltzeko bidean gauza batzuk argitu behar dira. Sakea da Waltariren armarik eraginkorrena. Berak sakatzeko moldea zinez ezberdina du, eta sekulako abiadura ematen dio pilotari. Lehiaketa hunetan antolatzaileek euskal pilotariak bezala ateratzeko eskatu zioten, eta onartu egin zuen. Beraz, pilota behetik gora astinduz atera du sakea, baina garbi da ez diola lehen jokaldiari berak duen jokatzeko erarekin bezalako etekinik atera. Hasi aurretik garbi utzi zuen, hemen onartzeak ez duela erran nahi beste lehiaketetan ere onartu behar duenik, eta atzo ikusitakoaren arabera, ez dirudi datorren astean hasiko den Buruz Burukoan horrelakorik onartuko duenik.

Atzoko finala bera dotorea izan zen eta Kurutxariren garaipenari ez zaio inongo aitzakiarik jarri behar. Baxe Nafartar pilotaria biziki untsa aritu zen hasieratik. Bazakien zer egin behar zuen, eta burua hotz edukitzen saiatu eta asmatu egin zuen.

Waltarik badu gabezia bat, eta horretaz ederki baliatu zen. Kubakoa markagailuan aurretik ez bada eta aldeak ateratzen ez baditu, oso urduri jartzen da, egon ezinean, eta horixe lortu zuen Kurutxarik. Hasieratik aurre hartu zuen, baina kubatarraren erreakzioak ere ez zuen estutu.

Waltarik 5-9 ihes egin zuenean, bazirudien partida fite joanen zela bere alde, baina Kurutxarik bere lana egiten segitu zuen, eta berritz ere harrapatu egin zuen.

Oreka azken hamar ttanttoetan hautsi zen, eta Kurutxariren aldeko joera hartu zuen. Bukaeran sekulakoa izan zen Kurutxarik hartu zuen poza, eta berria bera ere ona da pilotarentzat, Waltariri ere irabazterik badagoela erakutsi baitzuen Anddek. Hori bai, orain ikusi beharko da sakearekin Waltarik zer egiten duen.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi