Lasterketak.com, herrietako proben egutegi osatua sarean

Argitaratua: 2012-01-30 01:29:04

Larruneko mendi lasterketako argazki hau atzeman dugu lasterketak.con webgunean.

Euskal Herriko lasterkarien erreferentziazko ataria bihurtu da azkenaldian Lasterketak.com. Herriz herri egiten diren korrika saioen egutegi osatua aurkitzeaz gain, proba nagusienen ondorengo argazki sorta ere eskuragarri dute berton. Alberto Mellaren eguneroko ahaleginaren emaitza da. "Interneten ez zegoen proben informazio orokorrik. Egutegia osatzea pentsatu nuen eta horrelaxe hasi nintzen", azaldu dio "Gaur8" astekariaren Xole Aramendi kazetariari.

Otxandion (Bizkaia) jaioa, Beasainen (Gipuzkoa) bizi da Alberto Mella. Orria sortzeak ez zion buruhauste handirik eman, informatikaria baita lanbidez. Baina elikatzea beste kontu bat da, egunero eskaintzen baitio denbora tarte bat webguneari. "Hasieran hobbya zen, baina orain jende askoren erreferentzia bihurtu da eta elikatu beharra dago. Horrek ematen du lan gehien".

Zailena informazioa biltzea da. "Udaletako webguneak eta Gabonetako egitarauak arakatu ditut San Silvestre eguneko proben berri izateko", kontatu du.

Gaur egun erreferentzia izatera iritsi da. Pixkanaka joan da, baina etengabe egin du gora bisitari kopuruak. "Egun batean 100 bisitari izatea izugarria zen hasieran. Astelehen batzuetan gertatzen zen hori. Egun, aldiz, ez naiz 1.000 bisitaritik jaisten. Igande eta astelehenetan 2.000 bisitaritik pasatzea ere ohikoa da", dio.

Egutegia eta sailkapenak
Pixkanaka joan da orria aberasten. "Lasterkariei, lehenik, sailkapena ikustea gustatzen zaie. Askotan ez da erraza lortzea, baina saiatzen naiz", dio. Emaitzez gain probako irudiak ere jartzen ditu sarean.

Denboraldi batez, lesio bat tarteko, denbora gehiago izan du kamera eskuan aritzeko. "Ondo egonik egingo nituzkeen probetara joan naiz argazkiak egitera. Sarrera librea da eta oso harrera ona izaten dute".

Erabiltzaileen eskerronak posta elektroniko bidez jasotzen ditu. "Eguneratutako informazioa eskaintzea eta orria sinplea izatea baloratzen dute. Azken hori nahita egin dut", adierazi du.

Mellaren lanak badu meritua, Euskal Herrian dauden gisa honetako orriak hedabide garrantzitsuen babesa daukate-eta. Otxandioarrak, aldiz, berak bakar bakarrik egiten du dena.

Buber saria jaso berri du Mellaren webguneak. Abenduan etorri da, hirugarren urtebetetzearekin batera. Gustura dago.

( Xehetasun gehiago: http://www.lasterketak.com )


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi