Mailari eutsi nahi badiote, ezin dituzte huts ainitz egin

Argitaratua: 2011-12-30 10:26:08

Avironek gaur Tolosan jokatuko du, eta Biarritzek bihar Toulon hartuko du. Liga erdia joan da, eta euskal taldeen egoera ez da hain ona. Aviron hamekagarren da, jaitsieratik oso gertu, eta Biarritz, azkena, mailari eusteko gero eta aukera guttiagorekin. Bigarren zati hunetan jazartzen ez badira, nehorrek uste eta pentsatzen ez duena gerta daiteke.

Jon LEUNDA l GARA
Avironek oso irteera zaila du, Stade Toulosainen zelaian jokatuko baitu gaur 21.00etan. Okzitaniako taldea sailkapeneko lehen postuan da, eta Liga irabazteko faborito nagusia da. Lehen itzulian, ordea, euskaldunek irabazi egin zuten, eta gaur beste ezuste bat emateko prest eta gogoz dira.

Badakite, ordea, hori lortzea oso zaila dela. Tolosak Baionan galdu eta gero beste porrot bat besterik ez du izan, eta berdinketa ere bakarra, gainerako guziak irabazi egin ditu. Talde oso sendoa du. Indar askoko aurrelariak ditu, eta atzean ere sendo aritzen dira. Hegalak ere ongi baliatzen dituzte, eta baloia eskura jokatzerakoan edo ostikoekin ere, ongi aritzen dira.

Baionarrek puntu bat lortuko balute, oso garrantzitsua izanen litzateke, baina hori bakarrik lortzea ere ez da erretsa izanen. Horretarako, defentsan sekulako lana egin beharko dute, edo bestela, erasoan. Gaur galtzen badute, eta gertuen dituzten atzeko bi taldeek irabazten badute, Lyonen kasuan bonus eta guzti, jaitsieran sartuko dira.

Baionan baino askoz ere okerrago dira gauzak Biarritzen. Lehen itzuli negargarri baten ostean, bigarren itzuli ona egin beharko dute; bestela, datorren urtean Agilerakoek Pro 2 mailan jokatu beharko baitute.

Zuri-gorriek bihar etxean jokatuko dute, 16.15ean hasita Toulonen aurka. Aurkari gogorra izanen dute, frantziarrak sailkapeneko hirugarren postuan baitaude 39 punturekin. Orain, ordea, berdin dio aurkaria hirugarren egon edo hamargarren egon. Orain Laguisquetek zuzentzen dituen mutilek puntuak launaka batu behar dituzte, eta ahal bada bosnaka, eta ahalik eta azkarren hasita, gainera; bestela, erantzuten hasteko oso berandu izango baita.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi