Pauline Ado surflariak munduko txapelketa eskuratu du

Argitaratua: 2009-01-07 12:22:36

Pauline Ado surflari gazteak beste balendria egin du, 21 urtez azpiko mailan munduko txapelketa eskuratu duelarik. ASP txapelketa Australiako Narabeen hondartzan jokatu da, eta bertan 18 urteko kirolari hendaiarrak Hawaiiko Bethany Hamiltonen aurkako norgehiagoka irabazi du.

Urte hastapenean, munduko surfari gazteen eliteak hitzordua bat zuen Narabeen (Australia), bertan jokatzen baita surfari profesionaleen elkarteak (ASP) antolatzen duen mundu mailako junior txapelketa. Orotara 18 neska izan dira bertan, beraien artean Pauline Ado hendaiarra.

Harrigarriena da azken minutan lortu zuela Adok Australiako txapelketan izaiteko txartela. Ann Curren biarriztarrak arazo pertsonalak argudiatuta bere tokia libre utzi zuelako, hain zuzen. Bere aukera ondo baliatu du surfari hendaiarrak, dagoeneko heldu den urtean ibilbide profesionalari ekiteko asmoa agertu duelarik.


«Hitzik egin ezinda nago! Egia bihurtu den ametsa da hau. Goizean jaiki naizenean inola ere ez nuen pentsatuko munduko txapeldun izango nintzenik!», aitortu zuen Adok, pozarren finala irabazi ostean.

Horrez gain, aipagarria da surflari euskalduna dela maila honetan Australiatik kanpoko aurreneko munduko txapelduna

Marc Lacomare, hirugarren


Aldiz, mutilen artean 19 urteko Kai Barger Hawaiiko surflaria izan zen garaile, Jadson Andre brasildarrari finalean irabazi eta gero. Hirugarren postua, berriz, Marc Lacomare frantsesarentzat izan zen.

Lacomare, Hossegorrekoa da izatez, baina Euskal Herrian «hazitako» surflaria da. «Beste hilabete geratuko naiz Australian, eta Queenslandeko Pro Junior lehiaketa zenbaitetan parte hartuko dut», adierazi zuen.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

icon

Abel

2009-01-07

Nire zorionik beroena beretzat!

icon

Ane

2009-01-08

Aupa euskal neska surflariak!

Komentarioa idatzi