Leku aldaketak leku aldaketa, euskal selekzioaren aldeko hamargarren jaialdia aitzina
Frantziako Tourra Piriniotara arribatu da eta datozen egunotan euskal zale anitz izanen dira bide bazterretan xirrindulariak txalotzeko. Joel SAGET / AFP
Frantziako Tourra Piriniotan da eta euskal zale anitz izanen dira mendi maldetan xirrindulariak sostengatzeko prest. Ohikoa duenez, Euskal Selekzioaren aldeko Iritzi Taldeak (Esait) uztailaren 20, 21 eta 22rako ezarri du hitzordua Tourmaleten. Gaur 11.00etan lehen bizikleta igoera eginen dute. Antolakuntzak aldaketa batzuk egin eta gero, jaialdia tokiz aldatuko da, ez ordea ikurrińarekin mendate mitikora joaiteko deia.
Aurreko urteekin alderatuta, baina, aurtengoan hiru egunez egonen dira Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeko kideak Tourmaleten. Alabaina, aurten ez dute aurreko urteetako egokiera berbera izango; izan ere, antolakuntzak, Estatu frantseseko Poliziaren bitartez, ez die Tourmalet gailurrean izan ohi duten eremua hartzen utzi. ( Xehetasun gehiago )
«Mahaia, karpa eta abarrak jartzeko leku handia behar izaten dugu, eta, horregatik, ez digute goian geratzen utzi. Izan ere, leku hori hartuta dauka antolakuntzak, eta inori ere ez diote han kanpatzen uzten. Antza Sarkozy berak helikopteroz etorri behar du, eta, hortaz, ez diote inori han geratzen uzten. Akaso, kanpin denda txikiak izan bagenitu... Baina guk karpa eta bestelakoak muntatzeko leku handia behar dugu, eta, hargatik, ez digute laga».
Hala, etsi gabe, hiru bat kilometro beherago dagoen Superbareges eski estazioan izanen dira, teleferikoaren azpian. «Euskal festari garrantzia ematea erabaki dugu eta Baregeseko lekuren batean karpa muntatzea pentsatu dugu. La Mongien geldituko bagina, osteguneko etapa ikusteko urrunegi ginateke. Bareges azpian aparkaleku handi batzuk daude, eta autobusak lanzadera gisa bidaliko ditu antolakuntzak bertatik gailurrera -osteguneko, hamazazpigarren etapako helmugara, hain zuzen- iristeko. Karpa hemen ipini dugu dagoeneko».
Egitarau berbera
Leku aldaketak leku aldaketa, euskal selekzioaren aldeko hamargarren jaialdi honen egitarauak bere horretan iraungo duela argitu zuen ESAITek atzo bidalitako prentsa ohar baten bidez. "Aurreikusita zeuden ekimenak horretan darraite, hau da, bi txirrindulari martxak -20an La Mongie-Tourmalet eta 22an Bareges-Tourmalet-, mendi irteera -Midi du Bigorre estazio meteorologikora- eta 21eko euskal festa egin egingo dira", argitu dute.
Azken baten, Tourreko ohiko irudia da euskal txirrindulari zaleak bere selekzioaren aldeko bizikleta martxan ikustea; are gehiago aurten, non ESAITek 6.000 ikurrina banatzea pentsatu duen "Basque Country, a nation, a team, Euskal Herria" leloarekin. "Asteartean eta ostegun goizean eta euskal festan banatuko ditugu. Hala ere, gehienek ekarriko dituztela espero dut", gaineratu zuen Martxel Toledok. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak Euskaltel-Euskadi taldeari bere ibilgailuetan "Espagne-Spain" leloa jartzeko erabakia salatzeko ekitalditxo bat antolatuko dute.
"Euskal jaian, berriz, bertsolariak, trikitilariak eta ohiko txistorra, gazta, sagardoa... izango dira, giro ezin hobean", nabarmendu zuten ESAITeko kideek. "Hemen izango gara, eta espero dugu martxetan eta jaian jende askok parte hartzea. Hori da gure helburua. Goiko kasko horretatik aparte gaude eta hori da gure kezka, kokagunea aldatzea kalterako izango ote den. Leku polita da eta merezi du".
«La Pierre 2012» kanpainia abian
Bestalde, Jean Lasserrek egin bezala, Pirinio Atlantikoetako kontseiluko egungo lehendakaria den Jean Castaignek 2012ean Tourreko etapa bat Biarnoko La Pierre de Saint-Martin bururatzea eskatu du. Bere erranetan, etapa amaiera bat eskuratzeak «mugaz gaindiko jendeak urtero urtero eginen duen mobilizazioa oraindik ere gehiago emendatzea» ekarriko luke.
Heldu den asteazkenean Paueko Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dute ofizialki Barétous era Ronkal ibarretako erakundeek sostengatzen duten hautagaitza. «La Pierre 2012» kanpainaren baitan, filma bat eta internet site bat egin dituzte.
Komentarioak
Lionel
2010-07-19
Zer da historio hori poliziak bidea moztu duela? ESAITen ekimena bertan behera gelditzen da?
Animo!


- 

