Uztaritzetik eta Trebiņu artean igaroko da Esaitek antolaturiko X. Mendi Martxa

Argitaratua: 2010-07-27 12:53:38

Jagoba MANTEROLA argazkia.

Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak antolatzen duen Mendi Martxak hamar urte beteko ditu aurten, eta hori behar bezala ospatzeko egitarau berezia atondu dute. Euskal selekzioen aldeko ibilia uztailaren 31n hasiko da Uztaritzen eta 2000. urtean egin zen lehen ibilbidea ekarriko dute gogora. Orduan Trebiņun hasi zuten martxa Uztaritzen amaitzeko; aurten alderantziz eginen dute, Uztaritzen hasi eta Trebiņun amaitu.

Mendi Martxari uztailaren 31n emango zaio hasiera Uztaritzen. Behin abiada hartuta, aurreneko lau etapak Ipar Euskal Herrian egingo dituzte: Uztaritz-Hazparne, Hazparne-Izturitze, Izturitze-Donapaleu eta Donapaleu-Maule. Egunero, ibilbidea amaitutakoan, kirol saioren bat, mahai-inguruak eta afaria izango dituzte prest parte-hartzaileek.

Mauletik autobusez Elgetara joango dira mendizaleak abuztuaren 4an, eta bertan egun osoko jaialdia prestatu dute.

Abuztuaren 5ean ekingo zaio martxaren bigarren zatiari, Hego Euskal Herrian. Egin beharreko lau etapak Elgeta-Apatamonasterio, Apatamonasterio-Aramaio, Aramaio-Gasteiz eta Gasteiz-Trebiņu izango dira.

Bigarren erdi horretan, ekintza deigarriena Gasteizen iritsiko da abuztuaren 7an. Espainiako saskibaloi selekzioak Zurbanoko pabiloian jokatuko du egun horretan eta ESAITek manifestazio nazionala deituko du partida horrek duen esanahiaren aurkako jarrera argi adierazteko.

Izan ere, hamargarren urteurrena gogoetarako erabili nahi du Esaitek. Uztaila hasoeran Baionako Moderne trinketean egin zuten aurkezpenean aipatu moduan, "lehen agintarien laguntza urria edo laguntza eza zena, eraso zuzen bilakatu da orain". Testuinguru horretan sartu zituzten, esaterako, Euskaltel Euskadi taldeari ŦSpainŧ leloa jarri izana, Espainiako saskibaloi selekzioak Gasteizen jokatzea, edota irailean iritsiko den Munduko Pilota Txapelketan Euskal Herria berriz ere ordezkaritzarik gabe uztea.

Arrazoiak badaude, beraz, aurtengo mendi martxan parte hartzeko. Izena eman nahi duenak 615 004 202 eta 617 168 968 zenbakietara dei dezake edo mendimartxa2010@gmail.com helbidera idatzi. Ehun pertsonako muga jarri dute partaidetzari dagokionez eta 200 euro balio du izen-emateak.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi