Waltari Agustik Buruz Buruko txapela jantzi du Paxkal Ezkurra mendean hartuta
Waltarik, alabatxoa besoetan, bere hirugarren finala jarraian irabazi zuen larunbatean Modernen. Bob EDME argazkia.
Waltari Agustik hirugarren urtez jarraian jantzi zuen Buruz Buruko txapela, eta hirugarren urtez jarraian, gainera, Paxkal Ezkurra mendean hartuta. Atzokoan ere sakean egon zen gakoa, 25 kintze sartu baitzituen pilotari kubatarrak hasierako jokaldiarekin, eta horrela ezinezkoa du aurkariak garaipena lortzea.
Jon LEUNDA / BAIONA
Hala ere, partida ez zen hasi uste bezala. Sakea Ezkurrari egokitu zitzaion, eta urruņarrak bere aukerak ederki aprobetxatu zituen. Lehen sei kintzeetatik hiru saketik lortu zituen, eta oso denbora gutxian 3-11 aitzineratu zen.
Gauzak horrela, partidaren norabidea ez zen hasieran pentsa zitekeen modukoa, eta finala inoiz baino estuagoa zetorrela, eta Ezkurrak irabaz zezakeela ematen zuen, baina gauzak berehala aldatu ziren.
Hamaikagarren kintzean berdindu zuen kubatarrak partida eta hurrengo bi tantoetan oreka izan baldin bazen ere, amerikarra hasi zen sakearekin asmatzen, eta akabo. Finalak ez zuen izan kontatzeko ezer gehiago. Waltari Agusti kintzeak bata bestearen atzetik lortzen hasi zen sakeari esker.
Ezkurra ahalegindu zen pilota itzultzen, baina ezinezkoa egiten zitzaion. Kubatarrak sekulako abiadura ematen zion pilotari, eta ez airez, ez punpa eginda ezin izaten zuen itzultzeko moduan asmatu, eta aldea handitzen hasi zen txapelduna.
Emeki-emeki aldea gero eta handiagoa zen, eta garbi zegoen txapela aurten ere nork jantzi behar zuen, eta halaxe izan zen, berriro ere garaipen erosoa lortu baitzuen Waltarik, eta berriro ere botea izan zen protagonista.
Izan ere, txapeldunak errekor berri bat ezarri baitzuen atzo. Final batean inoiz ez baitzituen inork 25 tanto saketik egin, ezta buruz buruko partida batean ere, ez behintzat 40ra jokatzen denetik. Lehen 50era jokatzen ziren partidak, baina adinekoak ere ez ziren oroitzen inoiz pilotari batek hala 25 kintze egin zituenik.
Paxkalek ahal zuena egin zuen. Oso ongi ekin zion finalari, sakea alde izan zuenean abantaila izan baitzuen, baina kubatarrak sakea kendu zionean, ezinezkoa egin zitzaion ezer egitea, eta hirugarren urtez jarraian bigarren postuarekin konformatu beharko du. Urruņarrak larunbatekoarekin ondoz ondoko bosgarren finala jokatu zuen, baina lehen biak bakarrik irabazi ahal izan zituen.




