Xala eta Gonzalez: bi lapurtar izanen dira finalean ezker paretako binazkako ligaxkan
Yves Sallaberry "Xala" eta Sebastien Gonzalez aurrez aurre arituko dira apirilaren 4ean Gasteizeko Ogetan jokatuko den ezker paretako binazkako finalean. Ligaxkako txapelduna izendatuko duen partidan lekuindarrak Zubieta izanen du lagun eta Azkaindarrak Laskurain. Azken honek atzo Logroņon Titin III eta Pascualen kontra jokatu zen final-erdian lan handia egin zuen, Gonzalezek ere aukerak profitatzen ongi jakin zuen, bereziki partidaren hastapenean.
Finalera eraman dituen partidan indarrean hasi ziren atzo Gonzalez eta Laskurain, mementu batean 2-14eko tartea ezarri zutelarik errioxarra eta bere bikotekidaren artean. Gorriek erreakzionatu egin zuten mementu batean lau tantotako tartea soilik ezarriz, baina berantegi izan zen eta urdinek irabazi zuten partida.
"Gora ta gora beti, ai Gora Lapurdi" kantatzea merezi zuen atzo Laskurain Soraluzarrak azkaindarraren ondoan egin zuen partidarekin. Pascuali lana zaila jarri zion pilotari soraluzarrak. Lapurtarra ere indarrarekin aritu zen bereziki gogorki arituz hastapenean.
Partida historikoa
Garaipen honi esker Gonzalezek ezker paretako profesionaletan bi finaletara ailegatu da segidan. Bakarkako ligaxkan finalera ailegatzeaz gain txapeldun ere izan da. Forman da auten azkaindarra. Xalataz gutxiago mintzatzen ari bada ere hor da lekuindarra binazkako finaletan ere. Lapurtarren garaipenei esker mementu historikoa biziko apirilaren 4ean Ogetan.
Atzoko partida Logroņon, Titin IIIaren herrian, jokatzen zela ikusita lapurtar asko ez ziren Gonzalezen indarraz sobera fido. Azkaindarrarengan konfidantza osoa zutenen eta mesfidati agertzen zirenen arteko solasak biziak izan ziren partida jokatu eta aurreko egunetan. Atzoko partidak orain arte ikusi gabekoa ekarri zuen azkenean: bi lapurtar izanen dira ezker paretako finalean.







