14 artistek dohainik emandako lanen enkantea Integrazio Batzordearen alde, abenduaren 18an, Larraldean
Ezkerretik hasiz, Integrazio Batzordeko Dominique Idiart lehendakaria Zigor zizelkariaren ondoan. Bob EDME argazkia.
Abenduaren 18an, igandez goizeko hameketan, Senpereko Larraldean ahalmen urriko haurren eskolatzea laguntzen duen Seaskako Integrazio Batzordearen aldeko arte obren enkante bat eginen da. 13 artistek parte hartzen dute ekimen hunetan. Agurtzane Anduetza, Xabier Soubelet, Josette Dacosta, Mattin Partarrieu, Nestor Basterretxea, Rosa Valverde, Zigor, Zoe Bray, Juan Gorriti, Irkus Robles Arangiz, Gonzalo Etxebarria, Bixente Garcia, Mikel Dalbret eta Michel Hacalak dohainik haien obra bat eskaini dute enkantearentzat.
Mattin PETRISSANS l SENPERE
"Jazko ikasturtean, Integrazio Batzordea 17 AVS eta 6 hezitzaile bere gain hartzeko behartua izan zen. Buraso batzuek Hazkunde Nazionalaren aurka eraman zituzten auzien ondorioz, estatuak 6 AVS ordaindu zituen. Ikasturtea kasik 17 000 euroko ziloarekin bukatu dugu eta igandeko inkentarekin, horren ordaintzeko diru zamaren lortzea nahi ginuke. Iraila huntako sartzean 10 AVS eta 9 hezitzaile gure gain ginituen eta orotara 40 ahalmen urriko haur badira ikastoletan" esplikatu du Integrazio Batzordeko Dominique Idiart lehendakariak.
"Etorri naiz gustoz ahalmen urriko haurrek normalki bizi behar dutelako. Bainan ere, Larraldea etxeak badu arima bero bat. Urtero Euskal Herriko poeta haundienak biltzen dira hemen. Gure sorkuntzak herri hunen lurrari eta kulturari lotuak dira iñoiz baino gehiago. Nehork ez du enkantearentzat espreski obra bat egin. Hala egitea ez dut uste gauza ona litekela, obra sobera konbenitua izango bait zen" adierazi du, bestalde, enkantearentzat bronzezko eskultura bat eskaini duen Zigorrek.
Artista eta obreri buruzko xehetasun ttipi batzu
Mattin Partarrieu ( "Retour de pêche" deitutako marrazkia, oinarrizko prezioa 500 euro ) hazpandarra P.G Huberten atelierretan tindura estudiatzen hasi zen. Ondoren grabaketarekin segitu zuen Montparnasse arte eskolan eta Vergeaux atelierran. Litografian ere formatu da Pariseko Champfleury atelierretan. Agurtzane Anduetza ( "Arima mugatua" deitutako olio eta gres tindua, oinarrizko preziao 700 euro ) margolari eta zizelkari nafartarra da. Portreta haundiak eta zeramikazko instalazioak sortzen ditu. Giza harremanak, bakardadea, hertsura eta baitako bakera itzulzeari buruz dituen gogoeten adierazle dira haren lanak.
Xabier Soubeleten ( "Baztango bordak" deitutako olioa, 800 euro ) lanak, hastapenean inpresinismoa jorratzen bazuen ere, Cezanneren eraginez, ondoren post-inpresionismora lerratuko da. Hautatzen dituen kasik gai guziek euskal bazterrei, bereziki Baztankoei loturik badira ere gero eta abstraktuago den espresionismoaren garatzeko aitzakia dira. Josette Dacostak ( "Atea" deitutako olioa, 800 euro ) Madrilen burutu zituen margolari ikasketak. 1998tik geroztik Donibane Garazin duen atelierra eta Pariseren artean ibiltzen da. Olioa eta tempera erabiltzen ditu haren margo lanetan.
Nestor Basterretxea ( "Itinerio abierto n°12" deitutako litografia, 300 euro ) Bermeon sortu zen 1924an. Oteiza eta Chilidarekin batera bere belaunaldiko zizelkari haundienetariko bat da eta nazioartean ezagutua da ere. Euskal Eskolaren aintzindarietariko bat izan zen. Rosa Valverde ( "R.V" deitutako akrilikoa, 450 euro ) donostiarra Jose Antonio Sistiaga margolariaren ikasle izan zen. Konplexurik gabe bere berotasunak adierazten ditu nola hertsurak surrealismora hurbiltzen diren margo lanetan edo fantasiazko muntaia eszenatokietan.
Kepa Akixo (Zigor) ( eskultura, 700 euro ) olerkigintzarekin hasi zen 1968an. 1983an zizelkaritzari lotu zen Miarritzeko atelierratik. Hondarrabian Remigio Mendiburu lanean ikusteak deliberaarazi zuen alde bat zizel lanetan aritzera, bere inspiratzailearengandik urrunarazi duen adierazpen pertsonal batez. Zoé Bray ( "Ostabat Izura" deitutako olioa, 600 euro ) Charles Cecil erretratugile amerikarraren estudioan formatu da. Parean dituen pertsonei buruzko ikuspegi intimoa adierazten saiatzen da izaera konduan hartuz.
Juan Gorriti artzain, eskultore, zurgin eta margolari nafartarra da. Jorge Oteiza eta Remigio Mendibururen dizipulua. Jatorriz baserritarra, egurra lantzen du bereziki "laugarren dimentsioa" hartuta. Irkus Robles Arangiz ( "Haurrak" deitutako olioa, 1000 euro ) 1937 Bilbon sortu eta 1970an margolaritzari lotu zen. Euskal margolari ezagutua da eta Euskal Herriko ama lurraren, ohituren, biziaren eta herritarren lekuko da.
Gonzalo Etxebarria ( "Kepa Arizmendiren gogoan" deitutako akriliko eta pastela, 500 euro ) bilbotarra bada ere, Xiberuan bizi da eta Menditen arte sorkuntzaren tailerra bat animatzen du. Margoa, papera eta mihiseak erabiltzen ditu kuadro abstraktuak eraikitzeko. Bixente Garcia ( "Iturraldea" deitutako olioa, 250 euro ) margolari autodidakta da. Badu 15 bat urte pastelak, olioak eta akuarelak esperimentatzen dituela. Michel Hacala euskal margolari garrantzitsu gisa ezagutua da. Bere obra nasaiaren bitartez inguruan duen euskal mundua indarrez eta konbentzimenduz adierazten du.
Artista horiek harturiko engaiamendua ezagutu eta ekimenarekin bat egin du hamalaugarren sortzaile bat, Saran finkaturiko Mikel Dalbretek.
Izen handiko artista horiek dohainik emandako lanen enkantea eginen da, abenduaren 18an, igandez goizeko hameketan, Senpereko Larraldean ahalmen urriko haurren eskolatzea laguntzen duen Seaskako Integrazio Batzordearen aldeko dirua biltzeko asmoz.







